Politika -

Koronabirusa

Espainiako Gobernuak EAJren eta Ciudadanosen babesa du alarma-egoera luzatzeko

Sanchezen Gobernuak jeltzaleek jarritako baldintzak onartu dituzte, eta, horrenbestez, EAJren babesa gehitu dio. PPk iragarri du abstenitu egingo dela.

Kongresuak asteazkenean bozkatuko du luzapena onartuko den ala ez. Argazkia: EFE.
Kongresuak asteazkenean bozkatuko du luzapena onartuko den ala ez
Sanchezentzat ''erabateko akatsa'' litzateke alarma egoera orain bertan behera uztea

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk alarma-egoera luzatzearen aldeko botoa emango du, behin Moncloatik jakinarazita Gobernuak jeltzaleen proposamena onartu duela eta, hartara, ontzat jo duela deseskalatzea autonomia erkidegoekin batera kudeatzea, besteak beste.

Jeltzaleek azaldu dutenez, Gobernuak EAEko hauteskundeak deitzen laguntzea ere onartu du, baita Trebiñuko herritarrek deseskalatzea Araba osoarekin batera egitea ere.

Ciudadanosek ere babestuko du alarma-egoera luzatzea asteazken honetan Diputatuen Kongresuan egingo duten bozketan, Pedro Sanchezen Espainiako Gobernuak Ciudadanosen eskaeretako batzuk onartu baititu. eitb.eus-ek zuzenean eskainiko du hemen laugarren luzapenari buruzko eztabaida eta bozketa.

Ciudadanoseko hamar diputatuen eta EAJko seien babesarekin, laugarren luzapena 176 diputatuk babestuko dute: PSOEko eta Unidas Podemoseko 155ek, Ciudadanoseko 10ek, EAJko seiek eta PRCko, Teruel Existeko, Mas Paiseko eta Compromiseko ordezkariek.

Ines Arrimadasen alderdiaren eskarietako batzuk jasotzen ditu laranjekiko akordioak: besteak beste, Espainiako Gobernua astero bilduko da Ciudadanosekin, "osasun-krisiaren berri emateko", eta konpromisoa hartu du "konfinamendua malgutzeko plana eztabaidatzeko eta, beharrezkoa balitz, adosteko".

"Akats erabatekoa"

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak asteazkenean ohartarazi du "akats erabatekoa" izango litzatekeela alarma-egoera une honetan altxatzea, "koronabirusarekin kutsatzeko bideak mugatzea ahalbidetu duen lege tresna baita".

"Pandemia honen kudeaketan ez dago erabat asmatzerik, ez Gobernutik ez oposiziotik, baina akats erabatekoak egin litezke, eta alarma-egoera orain altxatzea akats erabatekoa izango litzateke", esan du Kongresuko Osoko Bilkuraren hasieran.

"Seguraski atzerapenak eta akatsak izan dira, baina demokraziaren historian aurrekaririk ez duen ekintza bat da", adierazi du Sanchezek Gobernuak onartu dituen neurri ekonomikoak zerrendatu ostean.

Azpimarratu du laguntza horiek alarma egoeraren babesean ematen dituztela, eta negozioak bizirik mantentzeko eta erakunde publikoen babesa edukitzeko egin dutela.

"Dagoeneko ia 50.000 dira Gizarte Segurantzarekin dituzten zorren ordainketa atzeratu duten enpresak eta autonomoak, et 1.125.000k zergen ordainketa sei hilabetez atzeratzea eskatu dute", zehaztu du.

Hori horrela, Espainiako Gobernuak "inor ez erortzeko eta inor atzean ez geratzeko" sare soziala ezarri duela aipatu du.

PP abstenitu egingo da

Pablo Casado PPren presidenteak Kongresuan iragarri du abstentzioa emango dutela Espainiako Gobernuak alarma egoera luzatzeko egin duen proposamenaren bozketan, nahiz eta Pedro Sanchezi "cesarkeriaz" jokatzea eta jarrera absolutista izatea leporatu.

PPren buruzagiak esan du abstenituko diren azken aldia izango dela, eta Sanchezi negoziatzeko eta neurriak hartu nahi baditu beste lege batzuk erabiltzeko deia egin dio.

Casadok kritikatu du alarma egoera "ezkutuko salbuespen egoera" bihurtu dela eta, Konstituzioaren arabera, ezin dela 60 egun baino luzeagoa izan. Hori horrela, Casadok uste du alarma egoerak ere gutxiago iraun beharko lukeela.

Berretsi du lege eta arauak badaudela "beharrezkoak" diren neurriak hartzeko, alarma egoerak eskaintzen dituenez harago, eta PPren babesa eskaini dio neurri horiek ezartzeko.

Negoziazioaren inguruan direnek ERC, Mas Pais, Teruel Existe eta Kongresuan dauden beste zenbait alderdi minoritario ere kokatu dituzte negoziazioetan. Mas Paisek eta Compromisek aurreratu dute alarma-egoeraren alde bozkatuko dutela, baina alderdi horien ordezkariek, Iñigo Errejonek eta Joan Baldovik, hurrenez hurren, Gobernuari esan diote elkarrizketak arinagoa eta sarriagoa izan behar duela.

Aipatutako iturrien arabera, Adriana Lastra PSOEko bozeramaileak ERCko bozeramaile Gabriel Rufiani deitu dio telefonoz. ERCk astelehenean iragarri zuen ezezko botoa emango duela asteazkenean; aurreko bozketetan, abstenitu egin da.

BIDEOA | Alarma-egoera luzatuko ez balitz, zer gertatuko litzateke?

Alarma egoera luzatuko ez balitz zer gertatuko litzateke?
Alarma egoera luzatuko ez balitz zer gertatuko litzateke?
Alarma egoera luzatuko ez balitz zer gertatuko litzateke?

1:29

EH Bilduk zuzenketa aurkeztu du luzapenaren aurrean, EAEk eta Nafarroak "planifikatu eta garatzeko" konfinamenduaren malgutzea

EH Bilduk iragarrita zuen abstenitu egingo dela asteazken honetan. Asteartean, zuzenketa aurkeztu du alarma-egoeraren laugarren luzapenaren aurrean, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako erakundeek "planifikatu eta garatzeko" konfinamendua malgutzeko prozesua: "Eskuzabalak, arduratsuak, konstruktiboak eta malguak izan gara, baina orain Gobernuari dagokio mugitzea", adierazi du.

Zuzenketa jarrita, EH Bilduren helburua da "lurralde bakoitzak diseinatzea, kudeatzea eta gauzatzea konfinamendua malgutzeko plana". Ildo horretan, proposatzen du plan autonomiko horiek "lurralde bakoitzeko probintzia-, eskualde- eta toki-erakundeen parte-hartzearekin diseinatzea, osasun-arlokoei lehentasuna emanda eta toki bakoitzeko berezitasunak kontuan izanik". Plan horietan islatuta egon beharko lirateke "herritarren joan-etorriak mugatzeko neurriak eta ekonomia- eta ekoizpen-jarduera noiz eta nola berreskuratuko den".

EH Bilduren iritziz, konfinamendua malgutzeko prozesua "gertuen dauden erakundeen esku egon beharko litzateke, hori baita orain eraginkorrena"; izan ere, erakunde horiek ezagutzen dute ondoen errealitatea, "bai osasun-arloan, baita arlo sozioekonomikoan ere", eta inork baino hobeto dakite herritarren arazoak zeintzuk diren.

"Konfinamendua biguntzeko eta pandemiari aurre egiteko erabaki guztiak Euskal Herritik 500 kilometrora ari dira hartzen; horrek ez du zentzurik", gehitu du.

EH Bilduk gogora ekarri du aste hauetan "jarrera konstruktiboa" izan duela, eta "mugitzeko eta jarrera aldatzeko" eskatu dio Espainiako Gobernuari. "Eskuzabalak, arduratsuak, konstruktiboak eta malguak izan gara, baina orain Gobernuaren txanda da. Beste era batean ibiltzeko garaia da", esan du.

Eusko Jaurlaritzaren iritziz, luzapenik ez egoteak ez luke "kaosa" ekarriko

EAEn, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du "ohiko" legediak elementu nahikoak eskaintzen dituela koronabirusaren pandemiari erantzuteko, eta okertzat jo du alarma-egoera luzatu ezean, krisiaren kudeaketa autonomia erkidegoen esku geldituko denez, "kaosa" zabalduko den ustea.

Gobernu Kontseiluaren ondoren, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du azken asteetan autonomia erkidegoetako presidenteek egin dituzten bileretan Iñigo Urkullu lehendakariak esan duela pandemiaren aurka borrokatzeko giltzarriak Administrazio zentralaren eta autonomikoen arteko "kokudeaketa" eta "koordinazioa" izan behar direla.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa Politika Euzko Alderdi Jeltzalea PSOE Albisteak Alderdi Popularra Eusko Jaurlaritza berriak Espainiako Gobernua bideoak Espainia albisteak Gaixotasunak albisteak Pedro Sánchez argazkiak EH Bildu Bizkaia Ciudadanosi buruzko albisteak Eguneko albisteak Albisteak Osasunari buruzko albisteak COVID kasuak Zer egin daiteke Euskadin?