Politika -

KORONABIRUSA

EHUko testak modu masiboan ez erabiltzea kritikatu du oposizioak

Ganberako Diputazio Iraunkorrak EH Bilduren ekimen bat eztabaidatu du, froga horiek herritarren artean "egunero milaka test" egiteko erabiltzeko.

PCR probak. Irudia: EFE
PCR probak
PCR probak. Irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarreko oposizioak kritikatu egin du Osasun Sailak ez baliatzea EHUk egindako PCR proben "potentzialtasuna" herritarrei modu masiboan probak egiteko, eta proba horien erabilera Ministerioaren seroprebalentzia azterketa osatzera mugatzea.

Ganberako Diputazio Iraunkorrak EH Bilduren ekimen bat eztabaidatu du, froga horiek herritarren artean "egunero milaka test" egiteko erabiltzeko. Testua ez dute onartu, koalizio abertzaleak eta Elkarrekin Podemosek bakarrik babestu dutelako; PP abstenitu egin da, eta Gobernuko taldeek, EAJk eta PSEk, kontra bozkatu dute.

Jeltzaleek eta sozialistek aurkeztutako zuzenketa aurrera atera da, baina EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek ez dute onartu. Bertan, Eusko Jaurlaritzari eskatzen zaio "ahalik eta PCR eta test azkar gehien egiten jarrai dezala, batik bat arrisku proba gisa kalifikatutakoei".

Onartutako testuak azaltzen duenez, probak egiteak "birusaren hedapena saihesteko beharrezko neurriak" hartzea ahalbidetuko du, baita deseskalatzeari osasun berme nahikorekin aurre egitea ere. Osakidetzaren zuzendaritzapeko lankidetza publiko-pribatura ere dei egiten da, baita "osasun-ikerketako sarearekiko eta Estatuko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroarekiko lankidetza indartzera ere".

Eztabaidan zehar, oposizioko taldeek kritikatu egin dute Osasun Sailak atzerapena izan duela EHUko ikertzaileek egindako PCR probak erabiltzerakoan, eta deitoratu dute proba horiek ez direla erabiliko test masiboak egiteko.

"Makinaria oso indartsua dugu, eta ez dugu ulertzen zergatik uko egiten zaion", azaldu du Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak. Halaber, gogorarazi du beste autonomia erkidego batzuetan Karlos III.a Institutuak baliozkotutako laborategiak elkarlanean ari direla herritarrei probak egiteko.

Uberak uste du Osasuna ez dela "asmatzen ari" Neiker, Nanogune, CIC bioGUNE eta Tecnalia bezalako laborategiek eskainitako laguntza "onartzen ez duenean", eta horrek "itsu-itsuan, COVID-19ari aurrea hartu gabe" joatea eragiten ari dela adierazi du.

Elkarrekin Podemosetik, Yahcov Ruizek nabarmendu du EHUk diseinatutako probak egunero 10.000 test "oso modu merkean" egiteko aukera ematen duela, baina Osasun Saila ez da "behar adina finkatzen ari aukera horretan".

Carmelo Barrio popularrak Eusko Jaurlaritzak Osakidetzakoak ez diren laborategiekiko erakutsi duen "erabateko mesfidantza" salatu du, bai publikoak, bai pribatuak.

Gobernuko taldeetatik, Irune Berasaluze (EAJ) ados agertu da ahalik eta test gehien egitearen komenigarritasunean. Osakidetza eta Osasuna hasieratik EHUrekin eta beste hainbat erakunderekin (Biocruces, Bioaraba eta Biodonostia) elkarlanean ari direla ziurtatu du, eta elkarlan publiko-pribatuaren beharra babestu du.

Idoia Mendia sozialistak EHUrekin egindako akordioa babestu du, bat etorri da kasu berriak atzemateko "test asko" egin behar direla, tratamendu eraginkor batekin eman edo txerto bat aurkitu arte, eta administrazioen arteko "elkarlan gorenera" deitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Osakidetza EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza EHU Eusko Legebiltzarra Alderdi politikoak Gaixotasunak EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Osasun albisteak Koronabirusa