Politika -

Koronabirusa

Legebiltzarrerako hauteskundeak uztailean deitzea aztertzen ari dira alderdiak

EAJk bakarrik babesten du lehendakariaren proposamena. EH Bilduk esan du ez dagoela bermerik hauteskundeak segurtasunez egiteko, eta gaur egun horretaz eztabaidatzea ez dela lehentasuna erantsi du.

Iñigo Urkullu, Maddalen Iriarte, Miren Gorrotxategi, Idoia Mendia eta Carlos Iturgaiz.
Iñigo Urkullu, Maddalen Iriarte, Miren Gorrotxategi, Idoia Mendia eta Carlos Iturgaiz.
Iñigo Urkullu, Maddalen Iriarte, Miren Gorrotxategi, Idoia Mendia eta Carlos Iturgaiz.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak Legebiltzarrerako hauteskundeak uztailean deitzeko egin duen proposamena eztabaidatzeko bilera egiten ari dira gaur alderdi politikoek. Espainiako Gobernuaren konfinamendua arintzeko plana aintzat hartuta eta koronabirusaren pandemiak hobera egiten badu, ordurako "normaltasun berriaren fasean" sartuta egongo ginateke.

Hauteskunde autonomikoak apirilaren 5erako deitu zituen lehendakariak, baina kanpaina hasteko lau egun falta zirenean, martxoaren 16an, bertan behera utzi behar izan zuten deialdia COVID-19aren zabalkundearen ondorioz. Erabaki hori alderdi guztien artean hartu zuten, eta alarma-egoera amaitu bitartean indarrean egongo zela zehaztu zuten.

Alabaina, joan den ostiraleko Diputazio Iraunkorrean, lehendakariak ezustekoa eman zuen hauteskundeak uztailean deitzeko asmoa iragarri zuenean. Ez zuen datarik eman, ordea.

Gainerako alderdiek ez zuten begi onez hartu Urkulluren proposamena. EAJren gobernukidea den Alderdi Sozialistak ere ez zuen aukera hori irmotasunez babestu.  

EH Bilduk, Podemosek eta PPk gogor kritikatu zuten lehendakaria. Hauteskundeak arriskurik gabe egiteko osasun-berme nahikorik ez dagoela adierazi zuten, eta balizko emaitzaren zilegitasuna zalantzan jar zitekeela ohartarazi zuten, gizartearen zati batek gaixorik edo koarentenan egoteagatik bozkatu ezingo balu. Horrez gain, abstentzioa inoizko altuena izateko aukera ere badagoela nabarmendu zuten.

Edonola ere, Espainiako Gobernuak konfinamendua arintzeko plana iragarri izanak Urkulluri mesede egiten dio, pandemiaren bilakaerak beherako joerari eusten badio, ekainaren bukaeran "normaltasun berriaren aroa" hasiko litzatekeelako. Horrek kanpaina eta hauteskundeak egitea ahalbidetuko luke, betiere segurtasun-neurri zorrotzak hartuta, kutsatze gehiago egotea saihesteko.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak atzo esan zuen alarma-egoerak ez dituela oinarrizko eskubideak (botoa emateko eskubidea, tartean) indargabetzen, eta erantsi zuen lehendakariak ez duela azken erabakia hartuta, eta alderdi politikoekin hitz egin nahi duela haien iritziak jakiteko.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren arabera, "une honetan ez dago osasun-bermerik eta baldintza demokratikorik hauteskunde-prozesu bati ekiteko". Areago, hauteskundeak deituz gero, prozesu hori nola gauzatuko litzatekeen inork ez dakiela adierazi zuen.

"Hauteskundeez eztabaidatzea ez da lehentasuna, ez herriarentzat, ezta jendearentzat ere", gaineratu zuen.

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko hautagaiak uste du larrialdi-egoera honetan hauteskundeak deitzeko erabakia alderdi guztien artean hartu beharko litzatekeela, eskumen hori lehendakariarena bada ere.

"Erabaki hori hartzea zaila da, baina denon artean egiten badugu, bertan behera uzteko egin genuen moduan, erabakiak zilegitasun demokratikoa izango du", azaldu zuen atzo.

Amaya Fernandez Euskadiko PPko behin-behineko presidenteak bere proposamena arrazoitzeko eskatu zion lehendakariari: "Herritarren segurtasuna eta osasuna bermatuta egongo litzatekeela esaten duen aditu talde baten plana aurkeztu behar du".

Fernandez iritzian, "ardura eta zuhurtzia gehiagorekin" jokatu behar du Urkulluk gai honetan, herritarren osasuna nahiz bozkatzeko eskubidea bermatzea ezinbestekoa delako.

Alderdi Sozialistak ere adierazi du lehentasuna herritarren segurtasuna bermatzea izan behar dela, baina, aldi berean, Legebiltzarra eta gobernu berria uda osterako martxan egotea komenigarria litzatekeela, koronabirusaren pandemiaren krisiari aurre egiteko hainbat gai eztabaidatu eta hainbat neurri hartu beharko direlako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa EAEko hauteskundeak Alderdi politikoak EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Hauteskundeak Koronabirusa Alarma egoera