Politika -
Koronabirusa
Zahar-etxeetako datuak emateko eskatu diote Bizkaiko Batzar Nagusiek Aldundiari
Elkarrekin Podemosek aurkeztutako proposamena aho batez onartu dute, eta koronabirusarekin kutsatutako zein hildako adinekoi buruzko datuak gaurkotuta emateko eskatu diote Aldundiari.
eitb.eus
Bizkaiko zahar-etxeetan koronabirusarekin kutsatutako eta hildako adinekoei buruzko datuak gaurkotuta emateko eskatu diote Bizkaiko Batzar Nagusiek Aldundiari, aho batez onartu duten ekimen baten bitartez.
Zehazki, "COVID-19 gaitzak zahar-etxeetan duen eraginari buruzko datuak" argitara emateko eskatu du Elkarrekin Podemosek apirilaren 7an erregistratutako proposamen horren bitartez, "ez soilik Osasun Ministerioari ematen ari zaizkionak", Hector Fernandez koalizio moreko batzarkideak azaldu duenez.
Bere iritziz, "pandemia hasi zenetik, zahar-etxeetan izandako kasuei eta, batez ere, heriotzei buruzko informazio falta herritarren kexa orokorra da Bizkaian". Beste lurralde batzuek, Arabak, Gipuzkoak eta Nafarroak, adibidez, informazio hori publiko egiteko "ahaleginak" egin dituzte, baina "Unai Rementeriak datuak hilean behin ematen jarraitu nahi izan du".
"Elkarrekin Podemosek, oposizioko alderdiek eta elkarteek" salatu duten jokabidea da, baina Bizkaian "krisiaren aurreko protokoloarekin jarraitu da", adierazi du Fernandezek. Horregatik, ekimen horrekin, "egoera aldatu" egingo dela ziurtatu du.
Batzarkideak eskerrak eman dizkie taldeei, "eskaera horren arrazoia" ulertu dutelako, eta pozik agertu da "informazioa argitaratuko delako". "Ez dugu uste inork datuen erabilera arrarorik egingo duenik. Harritzekoa da krisiaren aurreko informazio-protokolo berarekin jarraitzea", azpimarratu du Fernandezek.