Politika -
Koronabirusa
Euskal alderdiak, kritiko deseskalatze planarekin
EAJk Sanchezi aurpegiratu dio presidente autonomikoek "funtzio bat ere" ez hartzea, eta EH Bilduren ustez, "zuhurtzia nahikoa erakutsi du faserik zailena datorrena ulertarazteko".
Agentziak | Erredakzioa
Pedro Sanchez Espainiako presidenteak alarma egoeratik "normaltasun berria" deritzon aldirako deseskalatzea maiatzaren 4an hasiko dela iragarri du, baita lurraldeen arabera modu asimetrikoan gauzatuko dela (probintzia izango da erreferentzia) eta ekainaren amaierara arte hamabost eguneko lau fasetan egingo dela ere.
Erabaki horren aurrean, EAJk Sanchezi aurpegiratu dio autonomia erkidegoetako agintariek ez dutela neurriak lasaitzeko planean "funtzio bat ere" beteko, eta "akatsa" iritzi dio "tokian tokiko administrazioei ez uzteari egoera lurralde bakoitzaren ezaugarriei egokitzen".
"Zuhurtzia"
Arnaldo Otegi EH Bilduko buruaren ustez, Sanchezek "zuhurtzia nahikoa erakutsi du jendeak uler dezan, Munduko Osasun Erakundeak esaten duen bezala, faserik zailena datorrela" koronabirusaren pandemian.
"Inprobisazioa-inposizioa"
Amaya Fernandez EAEko PPren behin-behineko presidentearen esanetan, Pedro Sanchez Espainiako presidentearen deseskalatze planaren ezaugarria "inprobisazio-inposizio binomioa" da, "ohi bezala".
Fernandezen aburuz, "ez ikusiarena egin diete autonomia erkidegoei, oposizioari, Kongresuari eta kaltedun kolektiboei".
"Zentzu komuna"
Elkarrekin-Podemosen izenean, Miren Gorrotxategik adierazi du "zentzu komun eta juridiko osoa" duela Espainiako Gobernuak "aginte bakarra" izatea pandemiaren aurrean ezarritako alarma egoeran.
Horren ildotik, gogora ekarri du deseskalatze plana asimetrikoa izango dela eta horregatik ezarri dituztela faseak eta banatu dutela probintziaka "autonomia erkidegoei entzunda".