Politika -
Koronabirusa
Otegik uste du ez direla hauteskundeak egiteko osasun baldintzak betetzen
Horixe da EH Bilduk osteguneko alderdien mahaira eramango duen ideia, zeren "orain testez hitz egiteko garaia da, osasun arazoari aurre egitekoa", eta ez hauteskundeena, bere esanetan.
agentziak | erredakzioa
Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak esan du gaur egun ez dela “ez osasun baldintzarik ez demokratikorik ematen hauteskunde prozesua abian jartzeko”, are gutxiago “nolakoa izango den jakin gabe”.
EH Bilduren Mahai Politikoak egindako bileraren ostean emandako prentsaurreko telematikoan egin ditu adierazpenok, eta jakinarazi du koalizioak jarrera horixe erakutsiko duela datorren apirilaren 30ean, Iñigo Urkullu lehendakariak hauteskundeak abuztua baino lehenago egiteko deitu duen alderdien mahaira.
Arnaldo Otegik azpimarratu du “hauteskundeez” hitz egitea ez dagoela “ez herrialdearen lehentasunen artean, ez jendearen lehentasunen artean”.
“Gure jarrera argia da: orain testez hitz egitea dagokigu, osasun arazoari aurre egitea, jendea, merkatariak, enpresari txikiak, langileak eta familiak babestuko dituzten neurri sozial eta ekonomikoez hitz egitea”, adierazi du koalizioaren buruzagiak.
Gainera, Jaurlaritza “gutxiengoan” egonda ere “gehiengo osoa balu bezala jokatzen” ari dela salatu du Otegik, eta horregatik, gai horiek guztiak jorratuko dituen “sektore arteko mahaia martxan jartzea” eskatu du.