Politika -

Koronabirusa

"Deseskalatzea abiatzeko arau komunak Espainiako Gobernuak zehaztuko ditu"

Hala ohartarazi du Pedro Sanchez Espainiako presidenteak. Dena dela, Osasun ministroak esan duenez, "erkidegoen esku geratuko da prozesu horren parte oso garrantzitsu bat kudeatzea".

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren pandemiak eragindako konfinamendua malgutzeko prozesuan, Espainiako Gobernuak zehaztuko ditu deseskalatzea abiatzeko arau komunak, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak autonomia erkidegoetako presidenteei igande honetan jakinarazi dienez.

Hala adierazi du Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak, Pedro Sanchez erkidegoetako presidenteekin bildu ostean. Espainiako presidenteak presidenteei jakinarazi dienez, horien proposamenak bilduko ditu, aztertzeko, baina "irizpide komuna" egon behar da Estatu osoan deseskalatze prozesuari begira.

Illaren hitzetan, alarma-egoerak ezartzen du aginte bakarra Espainiako Gobernua dela, baina "alor operatiboari dagokionez, administrazio maila desberdinen arteko lankidetza behar-beharrezkoa da". Hortaz, Espainiako presidenteak proposatu duena da "deseskalatze asimetrikoa, erkidego bakoitzaren egoeraren eta erantzuteko gaitasunaren arabera, betiere esparru komun batean".

Ministroen Kontseilua

"Irekitzen joango garen ekintzak komunak izango dira, baina erkidegoen esku geratuko da prozesu horren parte oso garrantzitsu bat kudeatzea", azpimarratu du ministroak. Illak aurreratu duenez, erkidegoetako osasun arduradunekin bilduko dira astelehen honetan, datorren astearteko Ministroen Kontseiluari begira, horien proposamenak jasotzeko.

Horrela erantzun die Illak Iñigo Urkullu lehendakariak eta Quim Torra Kataluniako presidenteak bideokonferentzia bidez Sanchezi egindako kritikei. Biak oso kritiko azaldu dira Espainiako Gobernuaren jarrerarekin, eta erkidegoek euren eskumenak berreskuratzea eskatu dute.

Deseskalatze prozesua abiatzeko, "irizpide gehiago eta tutoretza gutxiago" eskatu dizkio lehendakariak Espainiako Gobernuko presidenteari igandean, erkidegoetako presidenteen arteko bideokonferentzian.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo/eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Gaixotasunak Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Pere Aragonès Osasun albisteak Koronabirusa Zer egin daiteke Euskadin? Deseskalatzearen azken ordukoa