Politika -
Pandemia
Mahaiak krisiaren irteera bilatzen badu joango dela esan dio EH Bilduk Sanchezi
Izan ere, Aizpuruak argi adierazi omen dio ez duela parte hartuko "78ko Errefimena indartzea helburu duen" foro batean.
agentziak | erredakzioa
Mertxe Aizpurua EH Bilduk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuako presidenteari esan dio koalizioa prest dagoela koronabirusak eragindako "krisitik langileen, zaurgarrienen eta herrien eskubideak errespetatuz ateratzeko elkarrizketa eremuan" parte hartzeko. Gainera, argi adierazi omen dio ez dela joango "78ko Erregimena indartzea helburu duen" foro batera, 'Moncloako itun'ei erreferentzia eginez.
Aizpuruak eta Sanchezek batzarra egin dute bideokonferentziaz gaur, 13:30ean, Espainiako Gobernuko presidentea alderdi politikoekin egiten ari den bilera-sortaren baitan, pandemiaren ostean Estatua "ekonomikoki eta sozialki berreraikitzea" helburu.
EH Bilduren ordezkariak eskerrak eman dizkio Pedro Sanchezi bere "tonuagatik eta jarreragatik", "pandemiari aurre egiteko beharrezko gogoetak eta informazioak partekatzen jarraitzeko" prestutasuna erakutsi diolako. Azpimarratu du bide horretan lagunduko dutela, baina Euskal Herriaren "subiranotasuna" defendatuz.
Mertxe Aizpuruaren esanetan, elkarrizketa mahaian egongo dira "krisiaren ondorioak ez ditzaten, beste behin, langileek eta herritar zargaurrienek ordaindu, 2008ko krisian gertatu zen moduan".
"Zintzotasun giroan" egindako batzarrean, osasun krisiaren kudeaketan osasuna ez dela beti gailendu kritikatu du EH Bilduren ordezkariak, "jarduera ekonomikoa itzuli delako langileen osasuna bermatu gabe eta beharrezko neurriak hartu gabe".