Politika -
Koronabirusa
EH Bilduk "herri gisara erantzuteko euskal estrategia" eskatu dio Urkulluri
Maddalen Iriarte Legebiltzarreko bozeramaileak “pandemian zeresana duten guztiekin” mahai bat antolatzea proposatu du, “berreraikuntza justua, orekatua eta iraunkorra izan dadin”.
eitb.eus
Koronabirusaren pandemiaren eta horren ondorioen aurrean, Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak “herri gisara erantzuteko euskal estrategia” bat behar dela esan dio Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari, “euskal herritarrak babesteko neurri eraginkorrak” hartzeko.
Maddalen Iriartek ohar batean jakinarazi duenez, EH Bilduk uste du “akatsa” dela gaur, asteartearekin, milaka behargin lanera itzultzea Hego Euskal Herrian, covid-19ak kutsatutako pertsonen eta horrek eragindako heriotzen kopurua oso handia baita oraindik, “munduko tasarik altuenetakoa, estatu bat bagina”.
“Osasuna lehenestea” da premiazkoena, Iriarteren hitzetan. Hori dela eta, adineko zentroetako larrialdiari erantzuteko neurriak berandu baino lehen hartzea eskatu du, “egoera oso larria delako eta gardentasun falta oso nabaria delako”.
Halaber, merkataritzan, ostalaritzan eta langile autonomoen sektorean eragindako galeren aurrean, dirulaguntza publikoak sustatzea proposatu du, izan ere, “Jaurlaritzak aktibatutako neurriek autonomoen % 0,6 baino ez dute babestuko”, EH Bilduren esanetan.
Diputazio Iraunkorrak ostiralean egingo duen bileraren atarian, “akordioetarako borondatea” eskatu du Iriartek, baita lehendakariak Legebiltzarra aktibatzea ere, “proposamenen eztabaida ganberaren ordezkaritza errealaren arabera egin dadin”.
“Euskal estrategia”
Iriartek, horrez gain, pandemiaren aurrean “herri gisara” aritzea eskatu dio lehendakariari: “Ezin da, Urkulluk egiten duen bezala, Espainiako Gobernuari neurri koordinatuak eta horiek aurrez komunikatzea eskatu eta hemen neurri bakar bat ere ez inorekin kontsultatzea”.
“Hori da gure proposamena: lidergoa hartzea, ekimena hartzea eta herri honetako talentua herritarren mesedetan jartzea, pertsonak erdigunean jarriko dituen politika publikoak bultzatuz”, erantsi du Iriartek. “Akordio zabalak beharko ditugu. Denok gara beharrezkoak, berreraikuntza justua, orekatua eta iraunkorra izan dadin”.