Politika -

Apirilak 12

Leiho eta balkoietako Aberri Egun historikoa, COVID-19ak hildakoak gogoan

Desadostasunak desadostasun, Euskal Herria Batera herri ekimenak babes zabala lortu du. 12:30ean minutu bateko isilunea deitu dute balkoietan, koronabirusak jota hildakoen omenez.

Aberri Eguna Iruñean. Argazkia: EiTB
Aberri Eguna Iruñean. Argazkia: EiTB
Euskal nazioaren ospakizuna balkoietan egingo da igande honetan

1:49

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aberri Egun berezia izango da gaurkoa, aurrekaririk ez duen egoera batean ospatuko baita, konfinamendu betean. Aurrekariak badituena alderdi politikoen zatiketa da. EH Bilduk, Podemos Euskadik eta LABek bat egin dute Euskal Herria Batera herri ekimenarekin, EAJk eta ELAk bakoitzak bere eran ospatuko du, eta PSE-EEk eta PPk ez dute ezer antolatu.

Euskal Herri osoan batera ospatzeko deia egin dute hainbat pertsonak Euskal Herria Batera ekimenaren bidez. Aberri Egun bateratua ospatu nahi dute balkoietan, euskal komunitateak duen erabakitzeko ahalmena defendatu eta eskubide guztien jabe izango den euskal nazioa aldarrikatzeko.

"Aurtengo Aberri Eguna ezin dugu kalean egin, osasun larrialdia medio. Ezintasun horrek berak, ordea, aukera ematen digu euskal nazioaren eguna Euskal Herri osoan eta batera egindako keinu batekin ospatzeko eta, aldi berean, larrialdi honetan bizia galdu dutenak omentzeko eta zaintzan dabiltzanei denon esker ona adierazteko" azaldu dute ohar batean.

Balkoietan ikurrinak eta Nafarroako banderak jartzeko deia egin dute, eta eguerdian, 12:30ean, minutu bateko isilunea gordeko dute, hildakoen omenez. Ondoren, Txoria txori kantatzera deitu dituzte herritarrak. Ordu horretan, Youtubeko euren kanalean, bideo bat plazaratuko dute eta azken egunotan jasotako argazkiekin osatutako mosaikoa agertuko dute.

EH Bilduk eta EH Bai Ipar Euskal Herrikoak bat egin dute Euskal Herria Batera ekimenak konfinamenduan Aberri Eguna ospatzeko egindako deialdiarekin. Euskal herritarrek "globalizazioaren eta neoliberalismoaren ondorioei aurre egiteko tresna bat dugu eskuartea: burujabetza", adierazi dute, eta horrek bermatuko duela "herri gisa bizirik jarraitzea eta gizarte justuagoa eraikitzeko baliabideak eskuratzea".

Ahal Dugu Euskadik ere bat egin du herri ekimenarekin, eta datorren igandean, 20:00etan, egunero bezala leiho eta balkoietara txalo egitera ateratzen den biztanleria irrintzi bat egitera animatu du, "irrintzi eginez beren koloreaz, erlijioaz, generoaz edo jatorriaz harago, pertsona guztiak aberri hori posible egiten dutela aldarrikatzeko; herritar garrantzitsuak eta beharrezkoak dira eta guztiok batera eraikitzen jarraituko dugu".

Alderdi moreak azpimarratu du "banderen eta identitate desberdinen gainetik jendea" dagoela, eta horregatik dela "garrantzitsua" ekimena babestea.

LABek, bere aldetik, igande honetako Aberri Egunaren harira argitaratutako agirian, "herri-subiranotasuna" aldarrikatu du, "bizitza erdian kokatzeko"; halaber, leporatu die Iñigo Urkullu lehendakariari eta Maria Chivite Nafarroako presidenteari "patronalaren neurrirako autogobernuaren alde" egin dutela.

Gerry Adams Sinn Feinen buruzagi historikoak ere bat egin du Euskal Herria Bateraren ekimenarekin, eta ANC eta Omnium Cultural kataluniarrek ere atxikipena agertu dute.

Era berean, Shona McAlpine Scottish Independence Conventioneko kideak eta "munduko beste 11 naziotako ordezkarik" (Galizia, Kurdistan, Sahara…) ere babestu dute herri ekimena.

Gainera, Aberri Eguna elkartasunean ospatzeko deialdi horrekin bat egin dute Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak eta Michelle O’Neill Sinn Feinn alderdi irlandar errepublikazaleko presidenteordeak.

Euskal Herria Batera ekimenak aurreko asteburuan egin zuen aurten Aberri Eguna batera ospatzeko deialdia, "hildakoen senideei dolua adierazteko eta koronabirusari aurre egiten ari zaienekiko harrotasunez eta eskertzaz". Alderdi, eragile sozial eta sindikatu ugariren babesa jaso du ekimenak, baita herritarren aldetik ere.

EAJk igandean Euskal Herriko balkoietan ikurrina jartzeko deia egin du (Euskal Herria Baterak egin duen moduan), Aberri Eguna ospatzeko, koronabirusarekin hil diren pertsonak oroitzeko eta pandemiaren aurka lehen lerroan ari diren langileei esker ona adierazteko.

'Euskadi aurrera. Lortuko dugu!' goiburupean ospatuko du EAJk 2020ko edizioa, eta Andoni Ortuzar alderdiaren buruak esan du lehentasuna "herritarrak zaintzea eta babestea" dela, eta erantsi du horixe dela, hain zuzen ere, Euskal Herria eraikitzeko eta herri gisa irauteko "modurik onena".

Dena den, jeltzaleek ez dute bat egin nahi izan Euskal Herria Batera herri ekimenarekin.

ELA sindikatuak pandemia-egoera honetan autodeterminazioaren alde borroka egiteko konpromisoa agertu du, "bizi dugun krisiari elkartasunean oinarritutako irtenbide bat" emateko, igandeko Aberri Egunari begira.

PSE-EEk eta PPk ez dute ospatuko

Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiak esan du "inork ez dezala espero" igandean, Aberri Egunean, euskal herritarrei "herri hautatua" dela sentiaraztea, egiaztatuta dagoelako "ez direla gaitzetatik libre utziko dituen hatz jainkotiarrak ukituak izan". "Sozialistok, batzen gaituzten eremu anitzak eta bizikidetza zaintzen jarraituko dugu", azaldu du.

Carlos Iturgaiz PP+Cs koalizioaren lehendakarigaiak kritikatu du EAJk "ez-abertzaleak seinalatu" nahi dituela "balkoietako Aberri Egunarekin", eta horren harira, koronabirusaren pandemia "bazterketa politika egiteko" erabiltzea egotzi dio. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Iparraldea ELA LAB Euskal Autonomia Erkidegoa Aberri Eguna EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Koronabirusa