Politika -

KORONABIRUSA

Espainiak 128.000 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu krisiari aurre egiteko

Datorren ostiralean, Ministroen Kontseiluak Kreditu Ofizialeko Institutuaren bigarren finantza-baliabide bat onartuko du, 20.000 milioi eurokoa.

Sanchezek egungo alarma egoera luzatzea eskatu du. Argazkia: EFE
Ministroen Kontseilua
Sanchezek egungo alarma egoera luzatzea eskatu du. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak 128.288 milioi eurotan zenbatu du COVID-19ren hedapenak eragindako larrialdiaren aurrean hartutako neurri guztien eragin ekonomikoa, Pedro Sanchez presidenteak ostegun honetan Kongresuan adierazi duenez.

Egungo alarma egoera luzatzea eskatzeko Ganberako osoko bilkuran egin duen agerraldian, "historia demokratikoko baliabide publikoen mobilizaziorik handiena" dela esan du.

Horietatik guztietatik, 119.000 milioi euro neurri ekonomikoetara bideratzen dira, 4.600 milioi osasun kontuetara, 3.400 milioi lan neurrietara eta 1.100 milioi baino gehiago izaera sozialeko neurrietara.

Kreditu Ofizialeko Institutuaren bigarren lerroa, 20.000 milioikoa

Ministroen Kontseiluak Kreditu Ofizialeko Institutuaren (ICO) kredituen bigarren lerro bat onartuko du datorren ostiralean, 20.000 milioi eurokoa, koronabirusaren krisiari aurre egiteko neurri ekonomikoen esparruan prestatutako lehenengoaren kopuru bera.

1.300.000 autonomo eta enpresa baino gehiagok jaso ahal izango dituzte kreditu horiek, eta, horrela, negozioen jarraipena bermatu ahal izango dute, pandemiaren ondorioak amaitu ostean, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Kongresuan azaldu duenez.

Halaber, adierazi du ICOren zorpetze-muga handitzeak, enpresei eta autonomoei likidezia emateko finantzaketa-lerroak handitzeak (10.000 milioi euro), onura ekarriko liekeela beste 130.000 enpresa eta langile autonomori.

Espainiako presidentearen arabera, Gobernuak nahi du pandemia dela-eta zailtasun "iragankorrak" dituzten jarduera bideragarri guztiek "aldi baterako zuloa" gainditzea eta "jarduerarekin jarraitzea".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Gaixotasunak Pedro Sánchez Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa