Politika -
Koronabirusa
Sanchezek itun handi bat bilatzera deitu ditu alderdiak
Espainiako Gobernuak eragile sozialak eta presidente autonomikoak ere bildu nahi ditu hitzarmenean, alarma egoera luzatzeko Kongresuan egiten ari diren eztabaidan Sanchezek esan duenez.
Agentziak | Erredakzioa
Pedro Sanchez Espainiako presidenteak datorren astean elkarrizketak abiatzera deitu ditu alderdi guztiak, koronabirusa atzean utzitakoan herrialdea berreraikitzeko itun ekonomiko eta sozial baten bila.
Sanchezek Kongresuan, alarma egoera berriz luzatzeko eztabaidan, egin duen mintzaldian adierazi duenez, eragile sozialak, autonomia erkidegoetako presidenteak eta “laguntzeko prest” dauden indarrak bildu nahi ditu hitzarmen horretan.
“Prest zaudete? Ni banago, eskain dezakedana soilik eskatzen dizuet, batasuna eta zintzotasuna”, esan du Sanchezek.
Sanchezek “batasun eta zintzotasun” horiexek eskatu dizkio, hainbat aldiz, oposizioko alderdi nagusiari, Alderdi Popularrari, eta dei egin dio ikastera bere ustez Portugalgo eskuineko oposizioa edo britainiar lider laborista berria erakusten ari diren erantzukizunetik, erabateko babesa agertu baitiete tokian tokiko Gobernuei.
“Gure osasun langileak batera ari badira birusaren aurka, gure polizia eta militarrak aurpegia erakusten ari bazaizkio birusari, gure nekazari eta saltzaileek beren postuei eusten badiete birusaren aurrean, gure familiak batuta gotortu badira birusetik babesteko, enpleguaren suntsipenak denok jotzen bagaitu, krisiak denak kolpatzen baditu, jarrera politikoak gorabehera, zer zentzu dauka zatiketak? Nori egiten dio mesede?”, galdetu du espainiar presidenteak.
“Mendebalde osoa iritsi da berandu”
Koronabirusaren krisiari berandu erantzun diolakoan oposizioak egindako kritiken aurrean, “Mendebalde osoa berandu iritsi da” pandemia honetara, esan du Sachezek. Hori bai, bere hitzaldian azpimarratu duenez, “Espainia izan zen, 120 heriotza bakarrik zenbatuta zeudela, lurralde osoan konfinamendu neurriak ezarri zituen lehen herrialdea”.
“Ezein Gobernuk ezin du harrotu akatsak egin ez dituelako”, aitortu du, nahiz eta, bere hitzetan, “Gobernuak beti jardun duen fede onez, energia osoz, baliabide guztiekin eta aditu onenen aholkuen arabera”. “Europa osoa iritsi zen berandu, baina Espainia lehenago aritu zen”, aldarrikatu du, eta deitoratu du Espainian, beste inon ez bezala, koronabirusak laugarren krisi bat zabaldu izana, politikoa, Gobernuaren eta oposizioaren arteko norgehiagoka gaiztotu baitu.
EAJk luzapena babestu eta elkarrizketa gehiago eskatu du
Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak iragarri du bere alderdiak alarma egoeraren bigarren luzapenaren aldeko botoa emango duela, baina neurriak onartzeko orduan elkarrizketa gehiago eskatu dio Gobernuari.
Horren ildotik, ondo iritzi dio Pedro Sanchezek sustatu nahi dituen itun handiak negoziatzeari, baina, bere hitzetan, “dagoeneko ez gaude 1977an”, Moncloako Itunak egin ziren garaian, eta, hartara, erakunde autonomikoak kontuan hartu beharko dira eta horien eskuduntzak “zehatz-mehatz” errespetatu.
Halaber, Gobernuari dei egin dio ez dezan iragarri, alarma egoeraren mailakako amaierarekin egin duen bezala, inolako berritasunik, harik eta goitik behera zehaztuta eta planifikatuta ez dauden arte.
Neurri ekonomikoei buruz, onartutako laguntzak gorabehera, enpresa asko ixteko arrisku larrian daudela eta, hori saihesteko, “nolabaiteko jarduera ekonomikoa” mantentzearen eta “prozedura azkar eta burokraziarik gabeak” erabiltzearen alde egin du.
EH Bildu abstenituko da eta muzin egin dio itunari
Oskar Matute EH Bilduko diputatuak muzin egin dio koalizioak Pedro Sanchez presidenteak datorren asterako deitu duen bileran parte hartzeari.
EH Bildu abstenitu egingo da alarma egoera luzatzeko botazioan, eta Matutek azpimarratu du ez direla inongo paktutan egongo, 1977an itxitako itunak berritzea bilatzen badu eta helburu bakartzat “zentralizazio gehiago eta jendea itoko duten eta eskubideak murriztuko dituzten eskuineko politika neoliberalak” mozorrotzea badu.
Euskal diputatuak adierazi du martxoaren 14ko konfinamendu aginduaren aurreko neurrietara itzultzeak jende asko kutsatzeko arrisku handian jarriko duela, agerian gelditu baita mugikortasunak kutsatzeak areagotzen dituela.
Lehentasuna osasuna dela errepikatu du Matutek, “lehenengo bizi eta gero lan egin” esan du, eta berriro baieztatu du osasun bermerik egon ezean funtsezkoak ez diren jarduerek etenda jarraitu behar dutela.
“Tentazio birzentralizatzaileak”
EAJk Kongresuan duen bozeramaileak, Aitor Estebanek, uste du koronabirusaren krisia pasatutakoan “tentazio birzentralizatzaileak” egongo direla batzuen aldetik eta “eskuduntzak banatzeko egiturak aldatu” nahiko dituztela, noiz eta orain, “norbaitek mekanismo mantso eta eragingabeak dituela erakutsi badu, hori Estatua izan denean”.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean, Estebanek adierazi du krisi honek agerian utzi duela “herritarrekiko eta errealitateekiko gertutasunak ahalbidetzen dutela administrazio hurkoago horiek hobeto jardun ahal izatea”.
Haren hitzetan, alarma egoera luzatzeko eztabaida honetan aldeko botoa “beharrezkoa” da, boto hori eman ezean “ezin baita zirkulazio askatasuna mugatu” eta kofinamendu neurriei eutsi behar zaie, bere ustez.