Politika -
Koronabirusa
Nafarroako Parlamentuak aho batez 51 milioi euro onartu ditu koronabirusaren aurka
Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurak hiru lege-proiektu onartu ditu. 51 milioi euro ezohiko neurriei zuzenduko zaizkie, nagusien egoitzetako egoerari aurre egiteko edo osasun materiala banatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurak hiru lege-proiektu aho batez onartu ditu. Orotara, 51 milioi euro zuzenduko dituzte koronabirusaren aurkako ezohiko neurriak hartzera.
Hiru proiektuen defentsan aritu da Javier Remirez presidenteordea, Elma Saiz COVID-19a duen Ekonomia eta Ogasun titularraren ordezkari. Remirezek "tragikotzat eta salbuespenezkotzat" jo du egoera, eta ziurtatu du "arduraz" jokatzen eta "baliabide guztiak osasunaren babesaren zerbitzura jartzen" ari direla.
"Funtzionatzen ari den plan bat" dela azaldu, eta osasun arretarako gaitasuna mantentzen dela azpimarratu du. Bitartean, nagusien egoitzetako larrialdiari aurre egiten ari direla adierazi du-mila koronabirus proba egin dituzte-, egoitzok osasun- eta babes-materialez hornituz, eta nabarmendu du etxebizitzen, adingabeen, hezkuntzaren eta indarkeria matxistaren alorretan, bai eta biktimetan, familietan, enpresa txiki eta ertainetan edo autonomoetan ere, neurriak hartzen ari direla.
Javier Esparza Navarra Sumako bozeramaileak azaldu duenez, "ezinbestekoak" diren neurriak finantzatzeko proiektuak dira. Era berean, Gobernuaren "autokonplazentzia" kritikatu du, izan ere, "ez dago inolako aurrerapenik eta duela hiru asteko arazoek konpondu gabe jarraitzen dute", eta horrek "ez du konfiantzarik sortzen".
Horrez gain, zalantzan jarri ditu Maria Chivite presidentearen "lidergo falta" eta Gobernuaren "gardentasun eza", baita hainbat gaitan izandako jokabide edo erantzuna ere, besteak beste, osasun materialaren gabezian, Nafarroan baino biztanle gutxiago dauden probintzietan koronabirus proba gehiago izatean, testak atzeratzean, adinekoen egoitzetan babes ekipamendurik ez izatean eta maskara erabiltzeari buruzko zehaztugabetasunean.
PSNko Ramon Alzorrizek ontzat jo ditu hartutako neurriak, "herritarrek eskatzen dituztenak eta premiazkoak direnak", eta Esparzari "epaile txarra" izatea egotzi dio, "jokaldiak ikusten dituelako eta, hala ere, okerrak egiten jarraitzen duelako"; horregatik, etorkizunari "elkarrekin eta elkartuta" begiratzearen alde egin du eta, halaber, "ezinbesteko" koordinazioaren eta "krisiaren irteeran sakontzeko elkartasunaren" alde egin du.
Gainera, 51 milioi horiek osasun arloan dauden arazoak arintzeko direla zehaztu du, hala nola, espazioak babesteko eta babes materiala erabiltzeko, eta telelanerako administrazioaren digitalizazioari, langileen kontratazioari, eta enpresa txiki, ertain eta autonomoentzako likidezia edo oinarrizko errentari erantzuteko. Hori dela eta, "leialtasuna" eskatu du.
Uxue Barkos Geroa Baiko bozeramailearen aburuz, osasun arloko plana funtzionatzen ari da eta "norabide berean arraunean egitea" da Legebiltzarraren lana, krisiaren ondorio sozial eta ekonomikoetan lan egin bitartean. Horri begira adostu dira 51 milioi euroak eta aurrekontuko partidak beharretara egokitzeko baimena.
EH Bilduk, Bakartxo Ruizen hitzetan, Espainiako Gobernuaren neurriekin "aurrekontuen egonkortasunerako legea" desagertu egin dela eta gainerako administrazioentzat ere balio beharko lukeela adierazi du, "krisi honen irtenbidea ezin baita izan 2008an hartutakoa".
Ahal Duguko Mikel Builen ustez, "batasuna, elkartasuna eta lidergo enpatiko bat" eskatzen du egoerak, osoko bilkuran onartutako edo errenta bermatzen duten neurri "behar-beharrezkoen" alde egin behar dela adierazi du, migratzaileen erregularizazio masiborik ez egitea deitoratuz, eta irteera mailakatuak "ondoezak" sortuko dituela ohartarazi du.
I-Eren izenean, Marisa de Simonek azpimarratu du garrantzitsua dela osasun arloan erantzun bat ematea, eta kalitatezko enplegua, ongizate-estatua eta familien ekonomia bermatu behar dela nabarmen du; horregatik, zerga-uzkurduraren aurrean, ERTE-en kontrolaren eta modu "justuan" "kostuen eta ahaleginen banaketan oinarritutako susperraldiaren" alde egin du.