Politika -

Lehendakariaren agerraldia

Lehendakariak krisiaren aurrean izandako erreakzioa kritikatu du oposizioak

Osakidetzaren egoera eta oinarrizkoak ez diren jarduera ekonomikoaren etetea izan dira gai nagusiak.

Eusko Legebiltzarraren irudia. Argazkia: Efe.
Eusko Legebiltzarraren irudia
Lidergo falta egotzi dio oposizioak Urkullu lehendakariari

1:24

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oposizioko alderdiek koronabirusaren pandemiaren aurrean berandu erreakzionatu izana leporatu diote Urkullu lehendakariari eta bere gobernuari, eta horren ondorioz osasun langileak eta egoitzetakoak babeserako material barik utzi dituztela gaineratu dute.

Alderdien bozeramaileek lehendakariaren kudeaketari buruz duten iritzia agertu dute Iñigo Urkulluk telemakikoki egindako agerraldian. COVID-19ak osasungintzan zein gizartean eta ekonomian eragindako ondorioei aurre egiteko hartutako neurriak azaltzeko egin du agerraldia Jaurlaritzako buruak.

EH Bildu

Maddalen Iriarte EH Bilduko Legebiltzarreko bozeramaileak "berandu eta txarto" erreakzionatzea leporatu dio Iñigo Urkullu lehendakariari. Ondorioz, Osakidetza "ez zegoen prest" pandemiari aurre egiteko, horren hitzetan, eta osasun langileek euren babeserako ekipamendu nahikorik ez dutela azpimarratu du.

Iriarte berriro kritikatu du Jaurlaritza eta Confebask patronala Espainiako Gobernuak oinarrizkoak ez diren jarduera ekonomikoak eteteko erabakiaren aurrean ematen ari diren "ikuskizun lizuna".

Horren harian, Jaurlaritzak Confebaski emandako babesak "harrituta" utzi duela esan du, batez ere kontuan izanda enpresa txiki eta ertainek eta autonomoek lana eten behar izan dutela eta langile asko langabezian daudela. Halaber, berrogeialdian kutsatze ugari izaten ari direla ohartarazi du, ziurrenik zabalik egon diren lantokien ondorioz.

PSE-EE

Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak, berriz, Estatuari eskatzen dion adostasuna Euskadin aplikatzea eskatu dio lehendakariari. Horrekin batera, PSE-EE "koherentea eta leiala" izango dela adierazi dio, "Euskadiko eta Espainiako gobernuek koronabirusaren pandemiaren kurba leuntzeko duten helburuan laguntzeko".

Halaber, sozialisten ordezkariak Pedro Sanchezen gobernuak agindutako konfinamenduak izan duen "eraginkortasuna" nabarmendu du. Jarraian, babeserako materialaren erosketa zentralizatzeak ustez sortutako inbasioa ukatu du, eta "eskumenen usurpazioaren inguruko beldurrak" baztertu ditu.

Testuinguru honetan, Pastorrek adierazi duenez, "iraganeko aztiak eta zirikatzaileak soberan daude", inork ez duelako "erabateko arrazoirik ezta makiltxo magikorik ere", eta edozeinek “hanka sartu” dezakeelako.

PP

Carmelo Barrio PPk Legebiltzarrean duen bozeramaileak Jaurlaritzaren jokaera kritikatu du, "inprobisazioa, erabakiak hartzeko orduan eraginkortasun teknikoaren gabezia eta harrokeria ulertezina" erakutsi duelako.

Lehendakariari "agerraldia atzeratzea" leporatu dio "Legebiltzarrak eskatzen duen arauzko kontrola ekiditeko".

Bestalde, Osakidetzan "zer edo zer gertatzen da", esan du; "Murga sailburuaren jarrera borondatetsua eta zalantzaz betetakoa" bakarrik ikusten dutelako, "baina ez Osakidetzako zuzendariaren edo epidemiologian adituak direnen azalpen garrantzitsuak".

Elkarrekin Podemos

Lander Martinez Elkarrekin Podemos alderdiko bozeramaileak koronabirusaren pandemiaren kudeaketan "beti pauso bat atzetik" joatea leporatu dio Jaurlaritzari. Martinezek esan duenez, Urkulluren gobernuak "kontserbadurismoa eta ausardia falta erakutsi ditu, beste lekuetan hartutako neurri eraginkorrak zalantzan jarriz". Neurri horien artean konfinamendua eta oinarrizkoak ez diren jarduera ekonomikoen etetea aipatu ditu.

Podemos Elkarrekin alderdiaren ordezkariaren ustez, "autogobernua izan arren", "Jaurlaritzak egindakoaren eta beste lurraldeetan egindakoaren artean ez dago alderik, ez emaitzetan ezta arazoetan ere", izan ere, "gauza ezberdinak egitea erabakitzeko aukera izan duenean, besteen atzetik ibiltzea erabaki du, badaezpadan".

Martinezek Jaurlaritzak oinarrizkoak ez diren jarduera ekonomikoen etetearen aurrean izandako "erreakzioa" kritikatu du. "Euskal ekonomiarentzat kolpea da eta errekuperazioa zaila izango da", onartu ostean, gogora ekarri du etetearen helburua kutsatzeen kopurua murriztea dela, eta "horrek bizitzak salbatzea, osasun sisteman dagoen presioa arintzea eta kurba geldiaraztea dakar", esan du, "pandemia kontrolatzeko eta konfinamendua ahalik eta gehien laburtzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Iñigo Urkullu Eusko Legebiltzarra EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Maddalen Iriarte Lander Martinez Hierro Koronabirusa