Politika -
Koronabirusa COVID-19
Etengo diren jardueren zerrenda "ofizial eta argia" eskatu du Tapiak
Garapen Ekonomikorako eta Lehiakortasunerako sailburuak kritikatu duenez, "enpresen kabinete juridikoak ezin dira ibili bertsio desberdinen zirriborroak interpretatzen".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
"Bihartik aurrera jarduera ekonomikoa arautuko duen Errege Dekretuaren behin betiko dokumentua premiaz argitara dezala" eskatu dio Arantxa Tapia Garapen Ekonomikorako eta Lehiakortasunerako sailburuak Espainiako Gobernuari.
Astelehen honetatik aurrera, funtsezkoak ez diren jarduera guztiak etetea onartu du Espainiako Ministroen Kontseiluak, "ezohiko neurri gisa", COVID-19ko pandemiari aurre egiteko helburuz. Iñigo Urkullu lehendakariak neurri hori errefusatu du, esanez ekonomian "kalte txikiagoa" eragin zezaketen beste neurriak zeudela.
Gauzak horrela, dekretuaren azken bertsioa "premiaz" argitaratzeko eskatu du Tapiak Twitter bidez. "Ez da posible euskal administrazio publikoa, enpresa guztiak eta milaka langile Moncloak komunikabideetara filtratutako zirriborroak interpretatu beharrean egotea", kritikatu du.
"Enpresen kabinete juridikoak ezin dira ibili sare sozialen bidez zabaltzen diren bertsio desberdinen zirriborroak interpretatzen", gaineratu du. "Premiazkoa da dokumentu ofizial, behin betiko eta argi bat izatea", amaitu du.