Politika -

Koronabirusa

Urkullu: "Hauteskundeak egoerak baimendu bezain laster izango dira"

Apirilaren 5eko hauteskundeak atzeratuta, lehendakariak "alderdiek gizartearen larritasunaren aurrean erakutsitako batasuna" goraipatu du: "Ezin ziren egin beharrezko bermeekin".

EAEko hauteskundeak "egoerak baimendu bezain laster" izango dira. Argazkia: EFE.
Hauteskundeak "egoerak baimendu bezain laster" izango dira
Urkullu: ''Hauteskundeak atzeratzen dira, osasun-larrialdia bertan behera geratu arte''

5:41

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkulluk zehaztu duenez, EAEko hauteskundeak "osasun-larrialdiko egoeraren mitigazioak baimendu bezain laster" egingo dituzte; halaber, lehendakariak goraipatu du apirilaren 5eko hauteskundeak atzeratzeko euskal alderdien ahobatezko akordioa: "Koronabirusaren krisiagatik gizarteak dituen ezinegona eta larritasuna murrizten laguntzen du".

Urkulluk agerraldi telematikoa egin du, Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiekin bildu ostean. Bilera horretan erabaki dute EAEko hauteskundeak atzeratzea, data berririk zehaztu gabe; izan ere, koronabirusaren pandemiak ez du baimentzen bozketak "beharrezko bermeekin" egitea, ez osasun publikoari erreparatuta, ezta botoa emateko eskubideari dagokionez ere.

Hauteskunde-kanpaina eta bozketa aurreikusitako egunetan gutxieneko baldintzetan egitea ezinezkoa dela berretsita, Urkulluk iragarri du egingo direla "osasun-larrialdiko egoeraren mitigazioak baimendu eta berehala".

Ildo horretan, azaldu du Osasun Larrialdiaren Adierazpena bertan behera utzi eta berehala iragarriko duela data berria. Halaber, argitu du ez dagoela erabakita hauteskunde-kanpaina ohi baino laburragoa izango ote den; Urkulluk esan duenez, ez dago ebatzita, era berean, hauteskundeak deitu osteko epea, bozketa egin artekoa, laburtuko ote duten ala ez.

Dekretua, ostegunetik ostiralerako gauerdia baino lehen

Lehendakariak zehaztu du dekretua ostegunetik ostiralerako gauerdia baino lehen argitaratuko dutela; izan ere, kanpaina orduan zen hastekoa. Jaurlaritzaren gobernu-bileraren ostean erabakiko du hori Urkulluk.

EAEko Hauteskunde Batzordea asteartean bilduko da, dekretuaz hitz egiteko, eta Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrera ere bidaliko dute dekretu hori. Galdetu diotenean aukerarik ote dagoen Hauteskunde Batzordeak ez berresteko, eskatu du ez aurreratzeko ezer.

Azaldu duenez, hauteskundeak bertan behera uzteko erabakiaren helburua da "herri-subiranotasunaren hastapenak, berdintasuna, aniztasuna, gardentasuna eta objektibotasuna" babestea, herritarrek botoa eman ahal izan dezaten "aukeren eta baldintzen berdintasuna bermatuta". Gainera, alderdien ahobatezko adostasuna nabarmendu du, "borroka honetan elkarrekin egoteko, guztiz berria den egoera honetan".

Urkulluk esan du erabakiak eta alderdien arteko akordioak txosten bat izan dutela abiapuntu (arlo juridikotik eta osasun-arlotik egindako txosten bat, hain zuzen ere). Galiziako presidente Alberto Nuñez Feijoori ere bidali dio txosten hori; izan ere, Galizian ere apirilaren 5ean ziren hauteskundeak egitekoak, baina Nuñez Feijook ere iragarri du atzeratu egingo direla.

Lehendakariak eskerrak eman dizkie alderdi guztiei; hain zuzen ere, "denak saiatu dira topagune bat bilatzen, salbuespen-egoera honetan, konponbide egokia aurkitu nahirik".

"Herritarren eta sektore profesionalen gizalege-erakustaldi asko ari gara ikusten egunotan; euren hobea ari dira ematen, pandemiari aurre egiteko", esan du; alderdien akordio hau ere bada, haren iritziz, "heldutasun- eta konpromiso-erakustaldia. Beste ekarpen bat, kasu honetan politikatik".

"Gizartearentzako batasun-, segurtasun- eta lasaitasun-mezua"

Adierazi duenez, "gizartearentzako batasun-, segurtasun- eta lasaitasun-mezua" da hau; izan ere, "garrantzitsuan batera gaude: orain, koronabirusaren pandemiari aurre egiteko".

Azkenik, esan du ez dela positiborik izan Jaurlaritzako kideen artean, eta, halaber, Espainiako Armada ez dela Euskadin zabaldu koronabirusaren aurka borrokatzeko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Albistea osatzeko lanean ari gara...

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Lehendakaria Bizkaiko albisteak Gipuzkoako albisteak Araba EAE Hauteskundeak Euskadin 2024 Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa