Politika -
KORONABIRUSA
Torrak Katalunia osoaren konfinamendua eskatu du
Kataluniak 190 koronabirus kasu berri erregistratu ditu ostiral honetan, eta, ondorioz, 509 kaltetu daude.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Quim Torra Generalitateko presidenteak Katalunia osoaren konfinamendua eskatu du, "osasun sistema kolapsatzea" saihesteko.
Kataluniako Gobernuak koronabirusaren hedapena saihesteko onartutako neurri berriak iragartzeko Generalitateko Jauregitik egindako prentsaurreko telematikoan egin du eskaera.
Kataluniako portuak, aireportuak eta trenbideak ixteko baimena emateko eskatu dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari.
"Oraindik ez dugu erantzunik jaso", onartu du Torrak, eta Sanchezen ahalegina eskatu du Kataluniaren konfinamendua posible izan dadin.
Kataluniak 190 koronabirus kasu berri erregistratu ditu ostiral honetan, eta, ondorioz, 509 kaltetu daude (35 larri).
Erkidegoko kutsatuen artean, 58 osasun arloko profesionalak dira eta sei pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz.