Politika -
Juanjo Alvarez
Juanjo Alvarez: "Lehendakariaren dekretu batek hauteskundeak atzeratu ditzake"
Zuzenbide Internazionalean katedraduna den Juanjo Alvarezen arabera "hauteskundeak atzeratu daitezke". Haren ustez "beste deialdi bat ez da beharrezkoa, epe finkorik gabe ez baitira atzeratzen".
Radio Euskadi | eitb.eus
"Hauteskundeak atzeratzekotan hauteskunde-batzordeak esku hartu beharko luke. Nahiz eta hutsune legal bat egon, hauteskundeak atzeratzeko estaldura legala dagoela uste dut", azaldu du Radio Euskadiko "Boulevard Informativo" saioan Juanjo Alvarez EHUko Zuzenbide Internazional Pribatuan katedradunak.
Litekeena da "salbuespenezko neurriak hartzea eta ezohiko, larritasun edo presazko kasu batean, Administrazioak, lehendakariaren dekretu baten bidez, hauteskundeak atzeratzea".
"Erantzukizuna deitzailearena da, ez baitu deialdia bertan behera uzten, atzeratu egiten du. Eta ez du behin betiko eperik gabe erabakitzen, baizik eta deialdi hori atzeratzea justifikatzen duten neurriak beharrezkoak ez diren unera arte", gaineratu du katedradunak .
"Egoera berria da, baina lege-estaldura du".
Juan Luis Ibarra: "Ezin dira bertan behera utzi dagoeneko deituta dauden hauteskundeak"
Bere aldetik, "EAEko Hauteskunde Batzordeak ez du eskumenik bozketaren data atzeratzeko", adierazi du Juan Luis Ibarra Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeko presidenteak.
Egungo egoerak zalantza jartzen du hauteskunde kanpaina bat garatzea eta erroldaren % 100eko bermeekin bozkatzea posiblea den. Juan Luis Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiko presidente eta EAEko Hauteskunde Batzordeko presidenteak Radio Euskadiko "Boulevard Informativo" saioan azaldu duenez, "ezin dira bertan behera utzi dagoeneko deituta dauden hauteskundeak".
Atzeratzeari dagokionez, Hauteskunde Batzordeko presidente gisa "bozketaren data atzeratzeko eskumenik ez dugula" adierazi du. "Galdera honi berariazko erantzuna ematen dion hutsune legal baten aurrean gaude". Behar izanez gero, "Zuzenbideak lege-hutsune hori konpon lezake" gaineratu du.
Alarma-egoera ezartzea planteatzearen harira, "osasun-krisiaren aukeretako bat izan daiteke", baina "Hauteskunde Batzordeak ez du egoera hori sustatzeko eskumenik"; izan ere, "Lehendakariari eta Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluari dagokio erabakitzeko eskumena".
"Egun ez dago hauteskunde-kanpainaren garapenean eragina izan dezakeen adierazpenik", azpimarratu du.