Politika -

Apirilak 5

PP+Cs koalizioa babestu du Casadok, "supremazismoan" dagoen EAJren alternatiba gisa

PPko presidentea Ermuan izan da ostiral honetan. Ziurtatu duenez, EAJ "supremazismoan" dago, "ez da garbia", eta "gaizki" kudeatu du Zaldibarko "zabortegi hilkorra".

Carlos Iturgaiz eta Pablo Casado, ostiralean, Ermuan. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Carlos Iturgaiz eta Pablo Casado, ostiralean, Ermuan.
Batasun irudia Casado eta Euskadiko PPren artean kanpaina aurreko lehen ekitaldian

1:34

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PPko presidente Pablo Casadoren iritziz, PP+Cs koalizioa, alegia, "konstituzionalismoaren aldeko fronte komuna", "supremazismoan dagoen EAJren aurreko alternatiba bakarra da". EAJ, gainera, "ez da garbia, hainbat ustelkeria-kasu dituelako", eta "gaizki" kudeatu du "Zaldibarko zabortegi hilkorra".

"Carlos Iturgaiz da alternatiba bakarra, Urkulluren aurrean. PP+Cs koalizioa da nazionalismo sektarioaren aurreko alternatiba bakarra. Esaterako, politika-arloan, kudeaketa txarragatik, eta kudeaketan erakutsi duen supremazismoagatik; are gehiago, esango nuke Euskadin izandako historia gogorra aldarrikatzeko etikan ere badela aukera bakarra", azpimarratu du.

PPko liderrak Ermua bisitatu du ostiral honetan, PP+Cseko lehendakarigai Carlos Iturgaizekin eta Euskadiko PPko bitarteko presidente Amaya Fernandezekin. PPko hainbat kiderekin eta kargurekin egin dute topaketa.

Ekitaldi horren bidez, Casadok eta Iturgaizek apirilaren 5erako kanpainaurrea abiatu dute. Horretarako, Ermua aukeratu dute. Udalerri hori bereziki sinbolikoa da PPrentzat; izan ere, 1997an, ETAk Miguel Angel Blanco bertako zinegotzia bahitu zuen, eta hiru egunen buruan erail (hiru eguneko epea eman zion Jose Maria Aznarren Gobernuari bandako presoak Euskadira eramateko).

PPk Ermuan duen egoitzan, Blancoren argazki handi baten aurrean, lehendakarigaiak gogora ekarri du alderdiak "odola, izerdia eta malkoak" izan dituela historian zehar, eta nabarmendu du egungo EAEko PP "bateratuta" dagoela "Espainiako batasunaren, Konstituzioaren eta askatasunen alde".

Gerora, Pablo Casadok hartu du hitza. Gogora ekarri duenez, Ermua izan zen abiapuntua "duintasunerako, 'aski da' esateko eta basakeria terroristaren aurka demokrata guztien batasunerako".

Casadok gaitzetsi du Sanchezek, ostegunean, EH Bilduren botoa behar izana gastu-sabaia onartzeko, eta azpimarratu du Euskadin "beharrezkoa" zela "demokraten arteko fronte komun positibo bat" sortzea; hortaz, PP “eskuzabala” izan da, eta koalizioan aurkeztuko da Ciudadanosekin batera. Ciudadanosek ez du ordezkaritzarik Euskal Autonomia Erkidegoan.

Gogor salatu du EAJren kudeaketa

Gogor salatu du EAJ Pablo Casadok. "Ardura" eskatu dio Zaldibarren egindako kudeaketagatik. Esan duenez, zabortegian jazotakoa Madril edo Galizia bezalako beste autonomia erkidego batean gertatu izan balitz, presidentearen dimisioa eskatuko zuten.

PPko presidentearen iritziz, jeltzaleek "ez dute ondo kudeatzen, eta ez dituzte guztion interesak berdin babesten". EAJk Gizarte Segurantzaren kutxa bakarra hausteko asmoa duela esan, eta honakoa adierazi du Casadok: "Alderdi horrek ez du aldarrikatzen, inondik inora, gure lurraldeko memoria demokratikorik onena".

Ezeztatu egin du, halaber, EAJ alderdi “garbia” izatea: "Ustelkeria-kasu larriak ditu; adibidez, De Miguel auzia, edo hauteskunde-kanpainekin lotuta ikertzen ari diren hori". Iñigo Urkulluk eta Andoni Ortuzarrek, alabaina, "ez dituzte ardurak euren gain hartu": "EAJ ez da zintzoa", ziurtatu du.

Casadok adierazi du Zaldibarren argi geratu dela "kudeaketa publikoa egiteko gaitasunik ez dutela, eta datuak ezkutatu egin dituztela, amaierara arte". "Hondakinen politika kudeatzen ez dute jakin, eta zeharo arriskutsuak diren politika urbanistiko eta industrialen eraginak ezkutatzen saiatu dira. Langileen bizitzarako eta zabortegitik gertu dauden udalerri guztietarako ere oso arriskutsua da egindakoa", zehaztu du.

Hortaz, ardurak eskatu ditu berriro ere, "ez baita nahikoa esatea akatsen bat egon zitekeela". Ildo horretan, nabarmendu du akats administratibo asko izan direla, "agian, akats interesatuak izan dira, hauteskunde-arrazoiengatik eta arrazoi ekonomikoengatik. Akatsak eraikuntzan eta kudeaketan izan dira, ez dute ondo mantendu Zaldibarko zabortegia bezalako azpiegitura bat. Hilkorra da zabortegi hori".

EAJ, Euskadin, PSE-EEren bazkidea da; Jaurlaritzan eta Madrilen, aldiz, PSOEren eta Podemosen bazkidea da. Casadoren iritziz, PP da jeltzaleei "azalpenak" eskatu ahal dizkien alderdi bakarra: "Komunismoarekin ibiltzeaz harro omen daude. Norbaitek Bilduri ematen badio botoa, badaki, azkenean, EAJrekin egingo duela akordioa", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PNV-EAJ PP Ermua albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Hauteskundeak Euskadin PP Araba Eguneko albisteak Albisteak Zaldibar azken ordukoa Pablo Casado albisteak 2024ko EAEko hauteskundeen emaitzak