Politika -

Katalunia

Junqueras eta Romeva espetxetik aterako dira lan egitera astean hiru egunetan

Hori horrela, 'proces'aren aurkako prozesu judizialean espetxeratutako bederatzi lagunetik zazpik baimenak lortu dituzte lan egiteko edo boluntariotzarako.

Oriol Junqueras Kataluniako Gobernuaren presidenteorde ohia. Argazkia: Efe
Oriol Junqueras Kataluniako Gobernuaren presidenteorde ohia. Argazkia: Efe
Oriol Junqueras Kataluniako Gobernuaren presidenteorde ohia. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lledonerseko (Bartzelona) espetxeko Tratamendu Batzordeak astean hiru egunetan lanera joateko baimena eman die Oriol Junqueras Kataluniako Gobernuaren presidenteorde ohiari eta Raul Romeva kontseilari ohiari.

Espetxe Araudiaren 100.2 artikulua ezarri diete kartzelako erregimena malgutzeko, eta dagoeneko 'proces'eko 9 zigortuetako zazpik lortu dituzte baimenak.

Junquerasek eta Romevak 13 eta 12 urteko kartzela-zigorrak jaso zituzten, hurrenez hurren, 2019ko urriaren 14an, eta astelehenetik ostiralera hiru egunetan atera ahalko dira sei orduz lan egitera espetxetik kanpora.

Quim Forn kontseilari ohiak astean bost egunez 12 ordu eta erdi lanera joateko baimena eskuratu zuen, Dolors Bassa kontseilari ohiak hiru egunetan zortzi ordu ateratzekoa senide bat zaintzeko, eta Jordi Sanchez ANCren presidente ohi eta JxCaten diputatu ohia hiru egunetan atera daiteke 11 orduz boluntario lanak egitera.

Era berean, 100.2 artikulua ezarri diete Carme Forcadell Parlamenteko presidente ohiari senide bat zaintzeko eta boluntario lana egiteko astean hiru egunetan, 9 orduz, eta Jordi Cuixart Omniumen presidenteak lan egiteko eta boluntariotzarako baimena du astean bost egunez, 9 ordu egun bakoitzean. Josep Rull eta Jordi Turull kontseilari ohiek, berriz, oraindik ez dute malgutasun neurririk jaso.

100.2 artikulua berehala aplikatzen den neurria da, eta kartzela zaintzako epaitegiari jakinarazten zaio. Horrek Fiskaltzari ematen dio neurriaren berri, jarrera bat har dezan, eta gero epaileak erabakitzen du neurria berresten duen edo atzera botatzen duen. Ministerio Publikoak helegitea jartzeko aukera du, eta Bartzelonako Auzitegia da azken instantzia.

Fiskaltzak dagoeneko eman du iritzia Fornen, Cuixarten eta Sanchezen kasuetan, baimenen aurka, "sasiaskatasun erregimena ezartzeko" neurri orokorra dela iritzita.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Presoak Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako prozesua zuzenean