Politika -

Zaldibarko luizia

Erkoreka: "Inork ez du zabortegirik nahi ondoan, baina hondakinak denonak dira"

Desagertutako bi langileei dagokienez, inoiz ez dela itxaropena galdu behar esan du Jaurlaritzako bozeramaileak, bilaketaz arduratzen diren taldeak "oso profesional onak direlako".

Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Argazkia: EiTB
Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea.
Erkoreka: ''Sutea lokalizatua da''

1:35

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ostiral honetan adierazi duenez, hondakinen sorrerari eta zabortegi gehiago irekitzeko aukerari buruzko hausnarketa sakona egin behar da. Bere esanetan, "inork ez du zabortegirik nahi bere etxe ondoan, baina denok sortzen ditugu hondakinak".

Halaber, ETB1n egindako elkarrizketa batean esan duenez, "inoiz ez da itxaropena galdu behar" Zaldibarko zabortegian izandako luizian desagertutako bi langileak bilatzeko orduan, lan horretaz arduratzen ari diren erreskate taldeak "oso profesional onak direlako". Gainera, inguru horretan "sute batzuk" piztu daitezkeen arren, oro har egoera "kontrolpean" dagoela gaineratu du.

Jaurlaritzako bozeramailearen esanetan, "hondakinen kudeaketa erronka garrantzitsua da herrialde industrialetan; izan ere, hondakin ugari sortzen ditugu, eta ez bakarrik etxean eta hiri handietan, industriguneetan ere arriskutsuak izan daitezkeen hondakinak sortzen ditugu".

Arrazoi horregatik, "egokiena ekonomia zirkularreko jokabideak eta birziklatze prozedurak nagusitzea" dela esan du Erkorekak, baina horretarako denbora beharko dela aitortu du, izan ere, aldaketa horiek "garestiak" direla ziurtatu du, eta, ondorioz, ezin dira egun batetik bestera egin.

Dena dela, "bide horretatik doazen neurriak, aurreikuspenak, proiektuak eta lanak martxan" daudela esan du. Alabaina, egun batetik bestera hori guztia gauzatzea "oso zaila" izango denez, "irtenbide bat eman beharko zaie datozen urteetan sortzen diren hondakinei, eta irtenbide horietako bat zabortegiena da".

Horrez gain, oposizioa "arinkeriaz" aritu izana deitoratu du Erkorekak, Zaldibarko zabortegiaren krisiaren inguruan Eusko Jaurlaritzari egindako kritiken inguruan galdetu diotenean. Bere esanetan, "orain mundu guztiak daki dena, baina, zabortegia zabalik daramatzan 13 urteetan, inork ez du horren kudeaketa okerrari buruzko ekimenik aurkeztu Legebiltzarrean".

Gainera, zabortegiaren goiko aldean "sute puntualak" sortu daitezkeen arren, "orokorrean egoera kontrolpean dago". Dena dela, ez ditu xehetasun gehiago eman nahi izan, "osasun arloko adituek neurketak egiten dituztelako uneoro, eta haiek direlako informazio hori ematen dutenak".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Bizkaia Gipuzkoa Ermua Eibar Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Suteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak A-8 Autobidea Osasun albisteak Zaldibar Ingurumena Suhiltzaileak Mendi-magaletako lur-jausiak