Politika -
Transferentziak
Espetxeak aurten eskualdatzea adostu dute Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak
Bi aldeek zehaztutako kronogramak ez du datarik ezarri Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren transferentziarako, baina horren inguruko "azterketa" 2021ean egitea jasotzen du.
Agentziak | Erredakzioa
Gernikako Estatutua osorik betetzeko falta diren 32 transferentzia eskualdatzeko egutegia adostu dute gaur Carolina Darias Lurralde Politikako ministroak eta Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak, Iñigo Urkullu lehendakaria bertan zela. Horren arabera, espetxeetako transferentzia urtea amaitu baino lehen geratu beharko litzateke EAEren esku. Zehatz esanda, eskualdaketa ekainean abiatuko dute, eta prozesua abendurako egon beharko litzateke amaituta.
Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoari dagokionez, gaur adostutako kronogramak ez du eskualdatze datarik ezarri, baina horren inguruko "azterketa" 2021eko abendurako egitea jasotzen du.
Bileraren ondotik hedabideen aurrera azaldu dira Carolina Darias ministroa eta Josu Erkoreka sailburu eta bozeramailea. Biak ala biak pozarren agertu dira eskuduntzen gaian "aurrera egin" delako. Erkorekaren hitzetan, gaurkoa "egun garrantzitsua da, lehen aldiz lan-kronograma bat dugulako egiteke dauden eskumen guztiak Euskadira transferitzeko".
Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoa
Kronogramak eskualdatzeke dauden 32 eskumenak aipatzen ditu, lau bloketan banatuta. Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren transferentziarena salbu, gainerako guztietan zehaztu dute eskualdatzeko prozesuaren hasiera eta bukaera data.
Darias ministroak azaldu duenez, Gizarte Segurantzaren gaia "oso korapilotsua" da eta horregatik erabaki dute geroratzea. "Egutegi errealista bat nahi genuen", azpimarratu du. Dariasen esanetan, Toledoko Itunaren batzordearen lanen baitan dago Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoaren eskuduntzan aurrera egitea: "Eskuduntza hori epe nahikoarekin aztertzeko proposamena egin diogu Jaurlaritzari, Toledoko Itunean akordioa aurreratuta dagoenean helduko diogu. Pisuzko argudioa da".
Erkorekak aitortu duenez, "Jaurlaritza ez dago ados proposamen horrekin. Bat egiten dugu eskumen hori jaso behar zela eta alde horretatik ontzat hartzen dugula lehen aldiz horren aipamena jaso izana, baina ikusiko dugu zelan garatzen den". Bestalde, ukatu du eskualdatze horrekin "kutxa bakarra hautsiko" dela (hori salatu du PPk), eta Gernikako Estatutua osorik betetzea dela auzia.
Lehen transferentziak, martxorako
Lehen blokean Dariasen eta Erkorekaren aurreko bileran, otsailaren 5ekoan, itxitako transferentziak jaso dituzte. Alegia, eskola-aseguruen, farmazia-produktuen eta enplegu-erregulazioko espedienteak eragindako langileen erretiroen aurreko laguntzen gaineko eskumenak. Martxorako egongo dira EAEko erakundeen esku (Transferentzien Batzorde Mistoa hilaren 16an bilduko da).
Bigarren blokeak 11 gai biltzen ditu, eta horien negoziazioa ekainean hasiko da, Eusko Jaurlaritza berria eratu ostean. Abendurako transferentzia horiek adostea da asmoa. Bigarren multzo hori osatzen dute, besteak beste, espetxeen kudeaketa, aseguruetako eskumenak, segurtasun zerbitzu pribatuak edo meteorologia.
Hirugarren blokeak 17 eskumen izango ditu. 2021eko urtarriletik aurrera landuko dira eta ekainean akordio batera iristea aurreikusi dute. Multzo honetan interes orokorreko aireportuen eta portuen eskumenak nabarmentzen dira.
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak laugarren bloke baterako utzi dute Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoa (2021eko ekainetik abendura arte).