Politika -
Katalunia
Negoziazio mahaia otsailaren 24an osatzea proposatu dio Espainiako Gobernuak Torrari
Alabaina, bi gobernuen arteko elkarrizketa mahaiaren lehen bilerarako data "aldebakarrez" erabaki izana leporatu dio Torrak Sanchezi.
Agentziak | Erredakzioa
Kataluniari buruzko negoziazio mahaia otsailaren 24an osatzea proposatu dio Espainiako Gobernuak Kataluniakoari. Bi administrazioen arteko elkarrizketa bultzatzeko mahaia hilabete honetan bertan eratzea adostu zuten Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta Quim Torra Generalitateko presidenteak otsailaren 6an.
Alabaina, bi gobernuen arteko elkarrizketa mahaiaren lehen bilerarako data "aldebakarrez" erabaki izana leporatu dio Torrak Sanchezi; izan ere, Moncloak asteazken honetan jakinarazi du data, aurretik Generalitateko presidentearekin "adostu gabe".
Torrak gogora ekarri duenez, presidenteek izendatutako bi talde teknikoek "negoziazio mahaiaren data, bileraren lekua eta gai zerrenda" adostuko zituztela erabaki zuten Bartzelonan izandako topaketan.
Torraren komunikazio bulegoa, ordea, Moncloak egindako proposamen horretatik aldendu da ohar batean: "Moncloak inolako akordiorik adostu gabe eta Torraren agenda kontuan izan gabe data bat iragarri izana deitoratzen dugu. Bi presidenteen konpromisoari jarraituz, data bat adosteko borondatea helarazi dio dagoeneko Torraren kabineteak Sanchez presidenteari".
Sanchezek eta Torrak Bartzelonan egin zuten bileran, Kataluniari buruzko negoziazio mahaia otsaila amaitu baino lehen osatzea adostu zuten.