Politika -
EH BILDU
Iriarte: "Krisi egoera baten aurrean ezkutatzen ez den Gobernu bat merezi dugu"
Zaldibarreko zabortegian izandako luiziaren kudeaketa hizpide izan du Maddalen Iriarte EH Bilduko lehendakarigaiak Durangon.
AGENTZIA | Erredakzioa
"Herri hobe bat, gobernu hobe bat merezi dugu, krisi eta larrialdi egoera baten aurrean burua ezkutatzen ez duena", adierazi du Maddalen Iriarte EH Bilduko lehendakarigaiak.
Koalizio abertzalearen ekitaldi politikoan hitza hartu du Iriartek, Durangon. Zaldibarreko zabortegian izandako luiziaren kudeaketa izan du hizpide.
"Zaldibarretik heltzen diren albisteekin oso kezkaturik gaude. Gertatzen ari den guztia ez dugu ulertzen. Gobernuaren ordezkariek hasiera batetik parametro guztien neurketak ez zituztela baldin bazekiten, zergatik eman dituzte bost egun airearen kalitatea ona zela esaten? Zer lortu nahi zuten horrekin?", galdetu du.
"Egia osoa esaten ari ez zirela bazekiten, ez zutelako haren berri. Osasun publikoa jokoan dagoenean herritarrei gauzak azaltzea hain zaila ote da? Arduragabekeria iruditzen zaigu", esan du.
"Herri hobe bat merezi dugu. Gobernu hobe bat merezi dugu, jendea zaintzen duen gobernu bat, eskubideak babestu eta defendatzeko. Krisi eta larrialdi egoera baten aurrean burua ezkutatzen ez duen gobernu bat, lehen unetik herritarrei erantzunak ematen dizkienak", azpimarratu du Iriartek.
"Oposizioa iraintzeko kezka izan beharrean, arazoak konpontzeko atsedenik gabe lan egiten duen gobernu bat merezi dugu. Hondamendiaren biktimekin enpatia duen gobernu bat, babesa adierazi eta aldamenean izateko. Tragediako biktimen senideei zenbaki ezkutuen bidez deitzen ez dien gobernu bat merezi dugu", nabarmendu du.
"Errealitatearekin, kalean gertatzen ari denarekin, herritarrek pentsatzen dutenarekin, etengabe lotuta egotea" eskatu du hautagaiak. "Jendearekin egon behar da", gaineratu du.