Politika -
EiTB Focus
Euskal herritarren % 66k ongi ikusten dute EAJk eta EH Bilduk Sanchez babestu izana
Hala ere, EAEko herritarrek ez dute uste PSOEk eta Unidas Podemosek osatutako Espainiako Gobernu berriak iraungo duenik; % 44ren iritziz, eskumenen transferentzia ez da legealdi honetan burutuko.
eitb.eus
Euskal herritarren % 66k begi onez ikusten du Diputatuen Kongresuko alderdi abertzaleek, alegia, EAJk eta EH Bilduk, PSOEren eta Unidas Podemosen koalizio Gobernua babestu izana. Hala ondorioztatu du EiTB Focus EiTB Taldeko makroinkestak.
Hamazazpigarren EiTB Focusen bigarren aleak Espainiako Gobernu berriaz galdetu die Euskadiko herritarrei (urtarrilean osatu zen Gobernu berri hori). Lehen aleak apirilaren 5eko hauteskunde autonomikoak izan ditu hizpide. Inkestaren arabera, EAJk irabaziko lituzke EAEko hauteskundeak, Legebiltzarrean 31-32 eserleku lortuta.
Hala, euskal herritarren % 17,7k uste dute “oso ondo” dagoela EAJk eta EH Bilduk Espainiako Gobernu berria babestu izana, eta % 48,3k “ondo” ikusten du. % 4,8ren iritziz, aldiz, “txarto” dago, eta % 3,1ek uste du “oso txarto” dagoela. Nolanahi ere, herritarrek ez dute uste Gobernu horrek iraungo duenik.
EiTB Focusek, halaber, herritarrei galdetu die Gobernu berri horrek transferitu gabe dauden eskumenen transferentzia burutuko ote duen; % 44,2k ezetz uste du, eta % 38,9, berriz, baiezkoan dago.
PSOE-Unidas Podemos itunak legealdi osoa iraungo duen edo lehenago apurtuko den ere galdetu diete herritarrei, eta erantzun paretsua lortu da. % 43,7k uste dute iraungo duela, eta % 43,9k lehenago apurtuko dela. Espainiako Gobernu berriak Euskadiri mesede egingo ote dion galdetuta, galdetutakoen erdiek uste dute mesede txikia egingo diola, % 24,8k mesede handia egingo diola eta % 14,7k ez diola inongo mesederik egingo.
Kataluniako gatazka hizpide, herritarren % 71,7k uste dute Espainiako Gobernu berriak ez duela konponduko gatazka hori legealdi honetan.
Diputatuen Kongresuko ordezkarien inguruan ere galdetu du EiTB Focusek. Baloraziorik onena EAJko Aitor Estebanek lortu du, 5,6; EH Bilduko Mertxe Aizpuruak ere gainditu du, 5,0 batekin. PSOEko Pedro Sanchezek 4,9 izan du, Unidas Podemoseko Pablo Iglesiasek 4,8, eta ERCko Gabriel Rufianek 4,6. Ciudadanoseko Ines Arrimadas, PPko Pablo Casado eta Voxeko Santiago Abascal zerrenda horretako azken postuetan daude: 2,1, 2,0 eta 0,8 lortu dute, hurrenez hurren.
Fitxa teknikoa
EAEn bizi diren 1.200 pertsona (Araban 400; Bizkaian 400; Gipuzkoan 400).
La= ±% 2,83, konfiantza-maila % 95, p=q=0´5, EAEko datuetarako.
Lurralde, udalerri, sexu eta adinaren arabera geruzatutako zorizko lagina.
Inkesten % 24,7 euskaraz egin dira, eta gainerako % 75,3, gaztelaniaz.
Inkesta hori egiteko hautatutako udalen populazio-tamainagatik haztatutako erabateko emaitzak dira.
Landa-lana 2020ko urtarrilaren 31 eta otsailaren 4a bitartean egin zuten telefonoz elkarrizketak eginez. Galdeketen batez besteko iraupena 5,72koa izan zen: motzenak 4 minutu iraun zuen, eta luzeenak 12 minutu.