Politika -
Bakea eta bizikidetza
Foro Sozialak Madrilgo pertsona ezagunen eta kolektiboen inplikazioa bilatuko du
Foroak ba omen daki "Espainiako Estatuan ulertu ezin handiak daudela Euskal Herriko bake eszenatoki berriaren inguruan", eta horixe iraultzen saiatuko dira.
agentziak | erredakzioa
Euskal Herrian bake prozesua bultzatzeko Foro Sozialak Madrilgo pertsona ezagunen eta kolektiboen babesa bilatuko du “bizikidetza demokratikoa eraikitzera” bideratutako ekimenekin bat egin dezaten.
Foro Sozialak goraipatu egin ditu azken urteotan Katalunian emandako aurrerapausoak. Azkena, aurreko astean bertan, Kataluniako Parlamentuan adierazpen bat aurkeztu eta sindikatu gehienen babesa jaso zuten.
Gogorarazi duenez, 2018an eta 2019an Katalunian jardunaldiak, prentsarentzako gosariak, agerraldiak eta alderdi politikoekin eta elkarteekin bilerak egin dituzte, ETAren ondoren Euskal Herrian bizikidetza sustatzeko hartu dituzten neurriak azaltzeko.
Foroak adierazi du badakiela "Espainiako Estatuan ulertu ezin handiak daudela Euskal Herriko bake eszenatoki berriaren inguruan", "sektore batzuk aldaketa oztopatu" nahi dutelako, "garaileen eta garaituen logika" jarraituz.
"Egoera hori iraultzeko iritzi demokratikoaren korronte bat sortu behar dugula uste dugu. Iraganean bahitutako dinamikak gainditzeko garaia dela pentsatzen duten demokrata espainiarrek argi eta garbi hitz egitea behar dugu", gaineratu du Foroak.