Politika -
Atxiloketa
Frantziako Poliziak David Pla atxilotu du Hendaian
Hendaiako komisariara sinatzera zihoanean atxilotu dute. Frantziak azaroan onartu zuen Espainiaratzeko eskaria.
EITB.EUS
Frantziako Poliziak David Pla ETAko preso ohia atxilotu du gaur Hendaian (Lapurdi), terrorismoaren aurkako iturriek jakinarazi dutenez. Pla apiriletik zegoen aske, baina sinatzera joan behar zuen astean birritan Lapurdiko herri horretako komisariara.
Hain justu, bertara zihoala hartu dute atxilo, 09:15ean, Espainiaratzeko euroaginduari jarraiki.
Parisko Apelazio Auzitegiak azaroan onartu zuen Plaren aurka Espainiako Auzitegi Nazionalak igorritako euroagindua. 2008ko maiatzaren 17an, Jon Salaberria ETAko kidearekin Mimizamen bildu izana leporatu dio Auzitegi Nazionalak.
2011tik aurrera ETAren hizketakidea izan zen eta erakunde horren armagabetzearekin eta desegitearekin amaitu zen prozesuan lagundu zuen.
"Onartezina" espetxeratzea
Xantiana Cachenaut David Plaren abokatuak kezka agertu du bere bezeroak Madrilgo Auzitegi Nazionalean deklaratu ostean gertatuko denaren inguruan.
Cachenautek esan du oraindik ez dakiela Espainiaratzea ze epetan egingo den, baina gogorarazi du 10 eguneko epemuga dagoela.
Dena dela, azpimarratu du "onartezina" izango litzatekeela Frantziako Estatuan espetxeratzea Espainiaren esku utzi aurretik, abenduaren 19tik eduki dutelako bi estatuek ados jartzeko denbora.
Egun horretan errefusatu zuen Auzitegi Gorenak Plaren helegitea, Espainiaren esku uztearen aurka aurkeztutakoa. 2008ko maiatzaren 17an Jon Salaberria ETAko kidearekin Landetan elkartzea leporatzen diote Plari.
Cachenauten arabera, Pla aske geratu beharko litzateke Auzitegi Nazionalean deklaratu ondoren, Frantziako Poliziak ustezko batzar hartaz egin zituen ikerketak eskuartean.
Izan ere, Frantziako Poliziak baztertu egin zuen Pla egun hartan Mimizamera joan zela, egun horretan ehunka kilometrora egon baitzen, Fresnesen, preso bati bisita egiten.