Politika -
Torturak
Kongresuak oniritzia eman dio Billy El Niñoren sariak argitaratzeari
EH Bilduren proposamenak PSOEren eta Unidas Podemosen babesa eskuratu du Kongreuko Mahaian. Hala ere, errefusatu egin dute polizia ohiaren "zerbitzu orria" argitaratzea.
agentziak | erredakzioa
Kongresuko Mahaiak oniritzia eman dio Billy el Niñori emandako sarien txostena argitaratzeari, baina ukatu egin du Antonio Fernandez Pacheco polizia ohiaren "zerbitzu orria" publiko egitea, nahiz eta oraingoan Unidas Podemosek babesa eman dion.
Kongresuko Mahaiak aintzat hartu du Jon Iñarritu EH Bilduren diputatuak sartutako eskaera berria, PSOEren eta Unidas Podemosen aldeko botoekin.
Eskaera horretan, eldiario.es agerkariak 2018an zabaldu zuen txostena osorik argitaratzea eskatu du EH Bilduk. Txosten hori "Antonio Gonzalez Pacheco torturatzaile frankistaren jarduerari buruzkoa" da, eta bertan jasotzen dira polizia ohiak jaso dituen dominak, sariak edo errekonozimenduak.
Kongresuaren erabaki horrekin, polizia frankistari sariak emateko erabili zuten txostena desklasifikatzeko eskaera helduko zaio Espainiako Gobernuari.
Baina Kongresuaren Mahaiak atzera bota du polizia ohiaren "zerbitzu orria" argitara emateko eskaera. Aurreko astean ere Bozeramaileen Batzordeak ez zuen onartu eta Kongresuko abokatuen kontrako iritzia zuen, uste baitute ezin dela funtzionarioen historiala publikatu.
Aurreko asteartean, Pablo Echenique Unidas Podemosen Kongresuko bozeramaileak hitza jan behar izan zuen zerbitzu orria argitaratzearen aurka bozkatu ostean, eta "zalantza juridikoengatik" egin zuela azaldu zuen.