Politika -
Ekitaldia Andoainen
"Helburuak hilketak justifikatu" ote dituen galdetu dio Pagazaurtunduak Otegiri
Terrorismoaren "erantzukizun politikoa bere gain hartzea" eskatu dio Maite Pagazaurtunduak Arnaldo Otegiri, biktimentzako eta gizartearentzako "erreparazioa" izango litzatekeelako.
Agentzia | Erredakzioa
"Helburuak hilketak justifikatu" ote dituen galdetu dio Maite Pagazaurtunduak Arnaldo Otegiri. Era berean, terrorismoaren "erantzukizun politikoa bere gain hartzea" eskatu dio, biktimentzako eta gizartearentzako "erreparazioa" izango litzatekeelako. ETAk Joseba Pagazaurtundua anaia duela 17 urte hil zuen.
Joseba Pagazaurtundua Andoaingo Udaltzaingoaren buruzagi eta militante sozialista gogorarazteko ekitaldia egin dute. Pagazaurtundua Andoaingo taberna batean tirokatu zuten 2003an. Senideak, lagunak eta ordezkari politiko ugari hurbildu dira.
Besteak beste, Alfonso Alonso Euskadiko PPren presidentea, Amaya Fernandez alderdi bereko idazkari nagusia, Iñigo Arcauz Gipuzkoako zerrendaburua iragan hauteskunde orokorretan eta Carmelo Barrio PPko legebiltzarkidea bertan izan dira.
Era berean, Rosa Diez UPyDko presidente ohiak, Adolfo Suarez Illana Adolfo Suarez Espainiako gobernuburu ohiaren semeak, Manuel Valls Frantziako lehen ministro ohiak, Miguel Gutierrez Ciudadanoseko koordinatzaile nagusiak eta Maider Lainez Andoaingo alkateak parte hartu dute.
ETAren biktimak, tartean Consuelo Ordoñez Coviteko presidentea eta Fernando Mugicaren senideak, bertan izan dira.
Maite Pagazaurtunduaren ahotan, Otegik "oso erraz" du aurten galderari erantzutea, "mundu guztiak ateak irekitzen dizkiolako".
Baietz erantzungo balu "gobernu eta alderdi guztiek marra gorria" ezarri beharko liokete EH Bilduri, eta ezetz esatekotan, ez luke "gizartea pozoiaz askatuko", azaldu duenez.
Pagazaurtunduaren esanetan, "erantzukizuna onartzearekin" EH Bildu "askatuko" luke, eta "egiten duten adiskide bakoitza intoxikatzen dutenez, estrategiarekin jarraitzea saihestuko lukete". "Nazionalpopulismoaren" iraganari "lotuta" jarraitzen dute, "patologia ankerrena, askatasuna eta Zuzenbide Estatu Demokratikoa ezabatzen duelako".
Fernando Savaterrek ekitaldia itxi du: "ultraeskuinarekin oso kezkaturik dago jende asko", baina eskuin muturra "nazionalismoa eta separatismoa" dira. Aukera politiko horien alde gobernatzen dutenei "aurrerakoi" deitzea "Europako aurrerabideari iseka egitea da", gaineratu du filosofoak.
Ana Azpiri Coviteko ordezkariak Eusko Jaurlaritzaren "kontakizun ofiziala" kritikatu du, Euskadin gertatutakoa "gogorarazi nahi dute", baina fenomeno terrorista "indarkeria anitzekin zurituz". "Interes politikoen" emaitza den "memoria light" hori errefusatu du, "gezurra eta ahanztura delako".