EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

Hauteskunde aurrerapena

Lehendakariak apirilaren 5erako deitu ditu hauteskundeak

Bozak aurreratzeko erabakia justifikatzeko arrazoien artean, EAEn "hauteskunde giroa nagusitu" dela eta horrek Legebiltzarrean egitasmoak onartzea "asko zailduko" lukeela aipatu du.

Iñigo Urkullu lehendakaria, sailburu guztiak ondoan dituela. Argazkia: EiTB
Iñigo Urkullu eta Eusko Jaurlaritzako sailburuak
Iñigo Urkullu lehendakariak apirilaren 5erako deitu ditu hauteskundeak

2:48

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak apirilaren 5era aurreratu ditu Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeak. Hala iragarri du arratsalde honetan Lehendakaritzan egin duen ezohiko agerraldian.

Erabaki hori justifikatzeko arrazoien artean, EAEn "hauteskunde giroa nagusitu" dela eta horrek Legebiltzarrean egitasmoak onartzea "asko zailduko" lukeela aipatu du.

Horrez gain, euskal gizartearen mesedetan egin duela esan du, "horrela zortzi hilabeteko hauteskunde-kanpaina aurreztuko diegulako herritarrei".    

Gobernu berria uda aurretik martxan jarrita, datorren urteko aurrekontuak lantzeko denbora gehiago izango dela ere azpimarratu du.

Kazetarien galderei erantzunez, Urkulluk aitortu du Espainiako Estatuko eta Kataluniako egoera politikoak ere eragina izan duela EAEko hauteskundeak aurreratzeko hartu duen erabakian.  

Hori bai, lehendakariak zehaztu du ez dakiela Kataluniako hauteskundeak noiz izango diren eta, ondorioz, "horrek ez du nire erabakian eraginik izan".

Bestalde, Urkulluk ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak datozen hilabeteetan normaltasunez jardungo duela eta, besteak beste, Espainiako Gobernuarekin Estatutuko eskumenak transferitzeko negoziazioari normaltasunez helduko diola.

Ildo horretan, Pedro Sanchezen Gobernuarekin urtarrilaren 20an gai horretaz hitz egiteko bilduko direla gogora ekarri du. "Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko harremanetan eta konpromisoetan ez da ezer aldatuko", erantsi du.

Gehiengorik gabeko Gobernua eta Elkarrekin Podemosen jarrera

Agintaldia osorik agortu ez arren, lehendakariak azpimarratu du Gobernu-programa bete duela. Alabaina, Legebiltzarreko programatik 29 ekimen tramitatu gabe geratu direla onartu behar izan du.

Azken hileotan Elkarrekin Podemosek eskua luzatu dio Urkulluri eta Eusko Jaurlaritzaren 2020rako aurrekontuak onartu ditu. Hala ere, lehendakariak uste du beste proiektu askotan, tartean Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren erreforma gauzatzerakoan.

Elkarrekin Podemosen jarrera horrek hauteskunde aurreko aroan sartuta gaudela erakusten duela iritzi dio.

Horrez gain, Urkulluk adierazi du "oso eroso" egon dela EAJk eta PSE-EEk egin duten koalizio Gobernuan, gehiengoa izan ez arren.

"Kolore bakarreko gobernua balitz, askoz hobeto izango litzateke, baina badakigu hori ezinezkoa dela Euskadin eta, beraz, alderdi ezberdinen artean akordioa bilatzeko gai izatea da gakoa", azaldu du.  

Legegintzaldiko unerik txarrenaz galdetuta, lehendakariak esan du Zaldibarreko zabortegiko lur-jausia izaten ari dela momenturik okerrena. Bi langile desagertu ziren joan den osteguneko luizian eta haren bila dabiltza oraindik.

BIDEOA | Urkullu: "Krisi mahaitik jarraitu dut uneoro Zaldibarren gertatutakoa"

Urkullu: 'Lehen unetik jarraitu dut Zaldibarren gertatu den ezbeharra'
Urkullu: 'Lehen unetik jarraitu dut Zaldibarren gertatu den ezbeharra'
Urkullu: 'Lehen unetik jarraitu dut Zaldibarren gertatu den ezbeharra'

2:04

Estatutuaren erreforma, geldi

Bestalde, legealdia orain amaituta, Gernikako Estatutuaren erreformarako testu artikulatuaren tramitazioa bazterrean geratuko da.

Nolanahi ere, Urkulluk esan du ez dela porrota. Eta Autogobernu Lantaldean EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek aukeratutako legelariak ados jartzeko gai izan zirela azpimarratu du. "Datorren legegintzaldian Estatutu berriaren testu artikulatua idazteko oinarri sendoak finkatu dira", gaineratu du.

Lehendakaritzan agerraldia egin aurretik, Urkullu hainbat gobernutako presidenteekin jarri da harremanetan, hauteskundeak aurreratuko dituela jakinarazteko, hala nola, Maria Chivite, Quim Torra, Alberto Nuñez Feijoo eta Pedro Sanchezekin.  

Halaber, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiarekin, Andoni Ortuzar EAJko buruzagiarekin eta Legebiltzarreko talde parlamentario guztietako bozeramaileekin hitz egin du bere erabakia publikoki iragarri aurretik.

Hauteskundeen deialdia eta Legebiltzarraren desegitea

Urkulluk hauteskundeen aurreratzea ofizial egin ostean, Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarra desegiteko eta apirilaren 5ean hauteskundeak deitzeko jakinarazpena igorri du.

Josu Erkoreka bozeramaileak gutuna bidali dio Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteari. Parlamentua desegiteko eta hauteskundeak deitzeko dekretuak gaurko data izango du eta asteartean argitaratuko dute Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean.

Legearen arabera, deialdia aldizkari ofizialean publiko egin eta 54 egunetara egin behar dira hauteskundeak.

Oposizioarentzat, arrazoiak beste batzuk dira

Azken egunotan, oposizioko talde parlamentarioak hauteskundeak aurreratzearen kontra agertu dira, hemendik eta urrira bitartean hainbat lege adostu eta onartu zitezkeela iritzita.

Elkarrekin Podemosek, esaterako, dagoeneko martxan dauden zenbait proiektu onartzeko borondatea agertu zion Eusko Jaurlaritzari.

EH Bilduk uste du erabaki honekin EAJk lehendakaritzarentzat eta Ortuzarrentzat deserosoak diren gaiak Legebiltzarrean eztabaidatu behar izatea edo balizko krisi ekonomikoak hauteskundeetan eragitea ekidin nahi izan duela.  

Osakidetzako azterketa publikoetan izandako iruzurra, De Miguel auziaren epaia edo Lehendakaritzak EAJko kide batek zuzendutako enpresa bati hainbat kontratu eman izana dira gai horietako batzuk.

Gai horiek Legebiltzarrean ez eztabaidatzea bada asmoa, Alderdi Popularrak azpimarratu du kontu horiek guztiak hauteskunde kanpainan zabalduko dituela lau haizetara.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa EAEko hauteskundeak Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak