Politika -

Adikzioak

Jokoaren gaineko kontrolak areagotzeko legea tramitatuko du Eusko Legebiltzarrak

E-Podemosek aurkeztutako ekimenak ordutegi eta publizitate murrizketak zein negozio horien eta ikastetxeen artean gutxieneko distantzia bat ezartzen ditu.

EAEko herritarren % 26, 436.906 pertsona, "jokalari aktiboa" da. Argazkia: Pixabay.com
Emakume bat jolas gela batean
EAEko herritarren % 26, 436.906 pertsona, "jokalari aktiboa" da. Argazkia: Pixabay.com

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak oniritzia eman dio Elkarrekin Podemosen lege-proposamena tramitatzeari, joko-lokalen kopurua mugatzeko eta haien erregulazioa gogortzeko; besteak beste, ordutegiak eta publizitatea murriztea, edo negozio horien eta ikastetxeen artean gutxieneko distantzia bat ezartzea.

Legebiltzarreko osoko bilkurak onartu egin du lege proposamena, EH Bilduren, Elkarrekin Podemosen eta PPren babesarekin; EAJ eta PSE-EE, berriz, abstenitu egin dira bozketan.

Gaur egun, EAEn 250 joko-areto, apustu-etxe eta bingo inguru daude, 11.350 txanpon-makina eta 2.100 apustu-makina inguru, gehienak taberna eta jatetxeetan, E-Podemosek emandako datuen arabera.

Ekimen legegile horren aurkezpenean, iazko urtearen amaieran, ezkerreko taldeak ohartarazi zuenez, EAEko herritarren % 26, guztira 436.906 lagun, "jokalari aktiboa" da jada.

Sarbide-kontrolak

Lege-proposamen horren bidez, Elkarrekin Podemosek jokoaren publizitate-araubidea arautzea proposatzen du, komunikabideetan eta espazio publikoetan duen presentzia mugatuz.

Era berean, proposatu du ordutegi-esparru mugatuagoa ezartzea, 12:00etatik 1:00etara, establezimendu horien funtzionamendurako. Joko lokal guztietara eta ostalaritza establezimenduetan dauden makinetara sartzeko kontrola zabaltzeko ere eskatu du ezkerreko koalizioak.

Horrez gain, Elkarrekin Podemosek % 10eko errekargua ezartzea proposatu du jokoaren gaineko zergan, ausazko jokoarekiko mendekotasuna prebenitzeko eta tratatzeko funts bat sortzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak