Politika -

Katalunia

Puigdemont: "155aren aurrean, independentzia aldarrikatzea zen aukera duin bakarra"

Puigdemontek bideokonferentzia bidez hartu du parte Kataluniako Parlamentuan. Generalitatea eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarrizketan nazioarteko bitartekaritza egotea eskatu du.

Carles Puigdemontek bideokonferentzia bidez deklaratu du Kataluniako Parlamentuan. Argazkia: EFE
Carles Puigdemontek bideokonferentzia bidez deklaratu du Kataluniako Parlamentuan.
Carles Puigdemontek bideokonferentzia bidez deklaratu du Kataluniako Parlamentuan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoyk Katalunian Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua aplikatuko zuela jakinda, irtenbide "duin eta demokratiko bakarra" aldebakarreko independentzia aldarrikatzea izan zela adierazi du gaur Carles Puigdemontek.

Generalitateko presidente kargugabetuak bideokonferentzia bidez deklaratu du goizean Kataluniako Parlamentuan, 155ari buruzko ikerketa batzordean.

Puigdemontek azpimarratu du Rajoyk ez ziola bermerik eman hauteskundeak deituta ere 155a aplikatuko ez zuela ziurtatzeko.  

"Estatuak nire baldintzak errespetatuko zituenaren bermeak izan banitu, hauteskundeak deituko nituzke, askok ulertuko ez bazuten ere", erantsi du.

Horrez gain, Espainiako Gobernuari "estatu-kolpea" eman izana eta 155a ezarrita "mendekua" bilatzea egotzi dio. Areago, hori guztia 2017ko urriaren 1eko erreferenduma baino lehen prestatu zutela iritzi dio.

"Estatu-kolpe modernoa izan zen. Ez dute behar militarrak tankeekin kalera ateratzea; bai, ordea, botere judiziala osatzen duten karguak ondo alienatuta egotea, orden konstituzionala aldatzeko", azaldu du.  

2017ko udazkenean, Espainia berriro ere "garai ilunetara" itzuli eta disidentzia politikoa “botere judizialaren bidez kolpatuta” menperatzen saiatu zela salatu du.  

"Espainiak bere batasuna justiziaren eta eskubideen gainetik jarri zuen, beste behin", gaineratu du.

Testuinguru horretan, bere lehentasuna 155aren aplikazioa gelditzea eta Kataluniako herritarrak eta instituzioak babestea izan zela adierazi du.

Ildo horretan, Puigdemontek esan du neurri hori hartzea "onartezina" izango litzatekeela egonkortutako edozein demokraziatan.

Halaber, 155a ezarrita, Estatuak Kataluniako herritar guztiak zigortu zituela nabarmendu du, independentistak izan edo ez.

Bestalde, eta JxCat-ek egin bezala, Puigdemontek ezinbestekotzat jo du Generalitateak eta Espainiako Gobernuak osatuko duten elkarrizketarako mahaian nazioarteko bitartekaritza bat egotea. "Horrela ez bada, zaila izango da emaitzak izatea", ohartarazi du.

Horrez gain, sedizio delitua Zigor Kodetik kentzea eskatu du. "Delitu hori baliogabetu egin behar da. Egun, inor ez li litzateke sedizioagatik zigortu beharko", erantsi du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Mariano Rajoy Kataluniako erreferenduma Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak Carles Puigdemont