Politika -

Bizkaia

Eusko Legebiltzarrak Gernikako Arbolaren kimu bat landatzen abiatu du 40. urteurrena

Martxoaren 31n 40 urte beteko dira lehenengo Eusko Legebiltzarra eratu zenetik.

Gernikako Arbolaren kimu baten landaketa. Irudia: EFE
Gernikako Arbolaren kimu baten landaketa
Gernikako Arbolaren kimu baten landaketa. Irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak Gernikako Arbolaren kimu baten landaketarekin hasi du 40. urteurrenaren ospakizuna. Bertan, Ganbarako Bakartxo Tejeria presidenteak, Bizkaiko Batzar Orokorretako Ana Otadui presidenteak, Iñigo Urkullu lehendakariak, Juan Jose Pujana Eusko Legebiltzarreko lehen presidenteak eta hainbat parlamentarik hartu dute parte.

Jardunaldia Ganbararen kanpoaldean ospatu da goizean. "Gernikako Arbolaren kimu hau landatzen dugu, euskal herritarren eskubide eta askatasun historikoen sinboloa, Eusko Legebiltzarrean, herri burujabetzaren jasotzaile legitimoa", azpimarratu du Bakartxo Tejeriak.

Gogorarazi duenez, Martxoaren 31n 40 urte beteko dira lehenengo Eusko Legebiltzarra eratu zenetik "Gernikako Arbolaren itzalpean". Hortaz, "mendeetan zehar euskaldunen ordezkariek egin dutena eta egiten duguna berritu da: legeak eta akordioak burutu arbolaren azpian".

Era berean, landatu den kimuak 11 urte izateak duen "sinbolismoa" nabarmendu du Bakartxo Tejeriak, Eusko Legebiltzarrak garatu dituen legealdien kopuru bera baita. Landaketa honek "gure sustraien eta gure iraganaren lotura irudikatzen du, etorkizunerantz garamatzan lotura bera", adierazi du.

Bere aldetik, Bizkaiko Batzar Orokorretako presidenteak azpimarratu duenez, "haritz honen leinuak euskaldunen askatasun eta eskubide historikoak sinbolizatzen ditu, eta 1937ko bonbardaketatik, baita gure bake nahia ere".

"Orain Legebiltzarrak bi zuhaitz sinboliko dituela esan genezake, Gernikakoa, urteen joanean hazten joango dena, eta Nestor Basterretxearen Izaro obra", adierazi du.

Jardunaldia bukatu baino lehen, Ana Otaduik kimuaren egiazkotasuna berresten duen ziurtagiria eman dio Eusko Legebiltzarreko presidenteari. Legebiltzarrean dagoen Gernikako Arbolaren aldaxkaz gain, Gotemburgo, Padrón, Laudio, Pforzeim, Sidney, Auschwitz edo Washington bezalako tokietan landatu diren beste hainbat kimu daude.

Kimuaren ondoan Gernikako Arbolaren ondorengoa dela adierazten duen plaka bat jarri dute eta ondorengoa irakurri daiteke: 'Gernikako Arbolaren kimua, Euskal Herriaren bake nahiaren eta euskal askatasunen sinboloa. 1937an, zibilen kontrako munduko lehen bonbardaketa masiboaren tokia eta Pablo Picassoren Gernica obraren inspirazioa. Gernikako arbola da bedeinkatua, euskaldunen artean guztiz maitatua. Eman ta zabal zazu munduan frutua. Adoratzen zaitugu, arbola santua (Jose Maria Iparragirre 1820-1882)'.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Eusko Legebiltzarra Eguneko albisteak Albisteak