Politika -
PSE-EE
Maixabel Lasak PSE utzi du, alderdiak kanporatze-espedientea ireki ostean
Mas Paiseko Txema Urkijoren hautagaitzari babesa eman zion, eta horregatik ireki zion espedientea PSE-EEk. Lasa Terrorismoaren Biktimentzako Arretarako Eusko Jaurlaritzaren zuzendaria izan zen.
Agentziak | Erredakzioa
Terrorismoaren Biktimentzako Arretarako Eusko Jaurlaritzaren zuzendari ohi Maixabel Lasak PSE-EE utzi du. Alderdiak jakinarazi zion "behin-behineko kanporatze-espedientea" ireki ziola, azaroaren 10eko hauteskundeetan Mas Paiseko Txema Urkijoren hautagaitzari babesa eman ziolako; espediente horren ondorioz, Lasak PSE-EE uztea erabaki du.
Txema Urkijo eta Maixabel Lasa, 2013an, azken horren liburuaren aurkezpenean (EiTBren bideo batetik hartutako argazkia).
Juan Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibila zenaren alarguna da Lasa; ETAk hil zuen Jauregi, 2000an. EFEri esan dionez, Urkijori babesa eman zionean, "pertsona" babestu zuen, "ez alderdia"; izan ere, Maixabel Lasa Urkijoren laguna da, azken hori Biktimentzako Bulegoan zuzendari laguntzaile izan zenetik.
Lasak gaitzetsi egin du "hoztasunez" eman ziotela espediente horren berri (astelehenean, burofax baten bidez), eta orain aukera balego egoera bideratu eta PSE-EEra berriro bueltatzeko ez luke atzera egingo gaineratu du. Lasa 80ko hamarkadan egin zen PSE-EE alderdiko kide, senarrarekin batera. "Ez, une honetan ez. Hau zaplaztekoa izan da niretzat; ez dut adinik lelokeria hauetarako", adierazi du Lasak. Esan duenez, "zelatatuta" sentitu da, eta "pena-sentsazioa" du gertatutakoagatik.
Horrez gain, Urkijok bere babesa eskatu zionean "ez nuen zalantzarik egin", azaldu du Lasak, eta aukera izan balu botoa hari emango ziokeela adierazi du. Testuinguru horretan, Urkijorekin batera Bilbon egindako ekitaldi batean parte hartu izana PSE-EEren gustukoa ez izatea pentsatu ere ez zuela egin azaldu du.
"Alderdi baten sigletatik haratago adiskidetasuna dago, elkarrekin lanean eman ditugun urteak. Ez nuen zalantzan jarri ere egin bere hautagaitzari emandako babesa, Txema ezkertiarra delako, horrelako kargu bat betetzeko balio duena. Arrazoi horregatik erabaki nuen nire babesa publikoki adieraztea", nabarmendu du Lasak.
Hala, PSE-EEren zuzendaritzak bidalitako burofaxa jaso ondoren, bertan ageri den telefono zenbakira deitu zuela azaldu du, PSE-EEtik baja ematea eskatzeko. Halaber, ez zuela bere aurka irekitako espedientearen tramitazioa amaitu arte itxaron nahi esan zien, bere ustez, hainbeste urteren ostean, PSEk berarengan izandako "konfiantza eskasa" erakusten duelako espediente horrek.
Halaber, alderdiko buruzagi bakar baten deia ere ez duela jaso deitoratu du Lasak, Odon Elorza Donostiako alkate ohi eta diputatuarena izan ezik. Horrenbestez, zuzendaritzak erabilitako "formekin" haserre agertu da, baina erabaki horrekin alderdiaren ideia guztiekin bat etortzeko sentitzen zuen "presioa" alde batera utzi duela aitortu du.