Politika -
Gernikako Estatutua
Espainiako Gobernua eta Jaurlaritza berriro hasiko dira eskumenak negoziatzen
Pedro Sanchezen aurreko Gobernuak Gernikako Estatutuko 33 eskumen 2020rako eskuz aldatzeko konpromisoa hartu zuen, baina akordio hura ez da gauzatu. Bi aldeak otsailaren 5ean bilduko dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak otsailaren 5ean ekingo diote berriz Gernikako Estatutuan jasota dauden eta oraindik Estatuaren esku dauden eskumenak transferitzeko negoziazioari.
Carolina Darias Lurralde Politikako ministroa eta Josu Erkoreka Autogobernu eta Gobernantza Publikoko sailburua Madrilen bilduko dira otsailaren 5ean.
Transferentziei buruzko negoziazioa hauteskunde orokorrak deitu zituztenean etenda geratu zen. PSOEk eta Unidas Podemosek koalizio gobernua osatuta, elkarrizketak berrabiarazteko galdegin zion Jaurlaritzak Pedro Sanchezi.
Sanchezen aurreko Gobernuak 33 eskumen 2020rako transferitzeko konpromisoa hartu zuen, eta horretarako egutegi bat adostu zuen Eusko Jaurlaritzarekin.
Akordio horretatik kanpo geratu ziren Itsas Gizonentzako Gizarte Institutua, Gizarte Segurantza eta espetxeen kudeaketarako eskumena.
Otsailaren 5eko batzarrean negoziazio taldeak eta elkarrizketetarako egutegia zehaztuko dute Dariasek eta Erkorekak.