Politika -
EAE
Hauteskundeak aurreratzea "ez dago mahai gainean", berretsi du Eusko Jaurlaritzak
Josu Erkoreka bozeramaileak zehaztu duenez, Jaurlaritza ez da hori eztabaidatzen ari, "ez, behintzat, modu esplizituan"; sailburuentzako agindua da, orain arte bezala, "konpromisoak betetzea".
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskunde autonomikoak aurreratzea "ez dago mahai gainean; ez, behintzat, modu esplizituan", Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak astearte honetan berretsi duenez. Erkorekak nabarmendu duenez, Iñigo Urkullu lehendakariak sailburuentzat duen aginduan ez dago aldaketarik; alegia, orain arte bezala, "itxita dituzten konpromisoak betetzea" eskatzen ari zaie sailburuei lehendakaria.
Horrela erantzun die Erkorekak kazetariei, hauteskundeak udazkena iritsi aurretik deitzeko aukeraz galdetu diotenean. Hainbat alderdik hasia dute, dagoeneko, Lehendakaritzarako eta Legebiltzarrerako haien hautagaiak aukeratzeko barne-prozesuak.
Gobernu-bilera amaituta, Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak berretsi du zeintzuk diren lehendakariak egunero sailburuei luzatzen dien agindua: "Gobernu-programan hartutako konpromiso guztiak betetzea". Hori dela eta, ziurtatu du horixe dela haien ahalegina, eta egunero gogorarazten diela Urkulluk helburu hori.
Adierazi du badagoela aukera balizko hauteskunde-aurrerapen batekin espekulatzea, baina zehaztu du Eusko Jaurlaritzak, une honetan, "ez duela hori mahai gainean, ez behintzat modu esplizitoan". Erkorekak, halaber, argitu du Urkulluk ez duela zehaztu balizko aurrerapen hori "segituan egiteko helbururik denik".