Politika -

XXXI. EDIZIOA

Naizenek, Ternuak, Baskoniak, Urrutiak eta Simeonik jaso dute Sabino Arana saria

"Eusten duenak, irabazten du, eta irabazten ari gara", adierazi dute Naizen elkarteko ordezkariek. Baskonia "hiri, lurralde eta herri baten estandartea bihurtu da", azpimarratu du Querejetak.

Sabino Arana Fundazioaren sarituak. Argazkia: EFE
Sabino Arana Fundazioaren sarituak. Argazkia: EFE
2019ko Sabino Arana sariak banatu dituzte Bilboko Arriaga Antzokian

1:39

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Naizen haur transexualen elkarteak, Saski Baskonia saskibaloi taldeak, Ternua Group enpresak, Andres Urrutia Euskaltzaindiako presidenteak eta Gilles Simeoni Korsikako Kontseiluko buruak jaso dute igande honetan Sabino Araba Saria 2019, Bilboko Arriaga Antzokian egin den ekitaldi batean.

Elkarteek edota norbanakoek euskal gizartearen alde egindako lana aitortzen Sabino Arana Fundazioak sari hauekin, eta urtero bezala, urtarrileko azken asteburuan banatu ditu. 

Naizen elkartearen izenean Bea Severrek jaso du saria, Ternua Groupen izenean Juan Luis Lasa enpresako presidenteak eta Saski Baskoiaren ordezkari modura Josean Querejeta joan da aitortza jasotzera.

"Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiot Sabino Arana Fundazioari, eta, zuzenean, haren presidenteari, Juan Mari Atutxari, Baskoniaren 60 urteko ibilbidea aitortzeagatik", eskertu du Josean Querejeta Saski Baskoniako presidenteak.

Querejetak nabarmendu duenez, "bi hamarkada etengabe elite kontinentalean izan den talde profesionalik Euskadin aurkitzea ez da erraza; Europa osoan hiri, lurralde eta herri baten estandartea bihurtu da".

Juan Luis Lasa Ternua Group konpainiako presidenteak adierazi duenez, "goazen honaino ekarri gaituen gaietako batekin: gure sustraiak, non gauden eta nor garen".

Lasak saria eskertu du: "merezi duten hainbat enpresaren artean aukeratu izanagatik eskerrik asko, aitortza pozik jasotzen dugu eta etorkizunera begira bultzada bat da".

Ternua Group: "Gure sustraiek, non gauden eta nor garen, honaino ekarri gaituzte"

Bea Sever Naizen elkarteko bozeramaileak, hunkituta, gogorarazi duenez, "gaur egun berezia da Naizenen lehen urteurrena delako. Gure bidaia lehenago hasi zen baina, Chrysallis Euskal Herria izenpean, duela 5 urte, adingabe transexualen inguruan inork ezer ez zekienean".

Ian, Naroa eta Izarrek beste haur eta gazte askoren izenean saria jaso dute, "aurpegia ematen eta harro". "Kai Etxaniz Naizenen lagun handiak, gizon transexualak eta abeslariak, abesten duen bezala: Eusten duenak, irabazten du, eta irabazten ari gara", esan dute.

"Balioen sari bat, ondorioz, Sabino Aranaren sari bat, eta haren leloak gaur indarrean jarraitzen du: Atzokoan finkatuz, gaur biharkoa bultzatu", azpimarratu du Andres Urrutiak saria jaso ondoren.

"Egia esan, sarituen artean Andres Urrutiaren izena entzun nuenean, lotsaria ere etorri zitzaidan, beti ulertu izan dudalako gure herrian nagusi dela norbanakoaren lana baino auzo lana", erantsi duenez.

Naizen elkartea saria jasotzen. Argazkia: EFE

Naizen elkartea saria jasotzen. Argazkia: EFE

Sabino Arana Goiri 1865ko urtarrilaren 26an jaio zen Bilbon, eta urteurren hori gogoratzeko hasi zen haren izena daraman elkartea sariak banatzeko. Aurten, XXXI. edizioa izan da, eta euskal kulturaren defentsa, bakearen, berdintasunaren eta bizikidetzaren alde egindako lana edota ekonomia sustatzeko egindako bidea nabarmenduko dira.  

Aurreko urteotako saridunak gonbidatu gisa izan dira ekitaldian, tartean, Joaquin Achucarro piano-jolea (2014), Leopoldo Zugaza editorea eta kultur ekintzailea (2015), Luis Crovetto Bizkaiko Elikagaien Bankuko arduraduna (2013), Javier Mata Bultz Laneko kidea (1999), Pablo Gonzalez Gorabideko gerentea (2012), Joserra Plaza Gerra Korrespontsalakeko taldekidea (2003) eta Fernando Izagirre DYAko presidentea (1991).

Era berean, Iñigo Urkullu lehendakaria, Andoni Ortuzar EBBko presidentea, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Ana Oregi Gasteizko alkateordea, Unai Rementeria eta Rarmiro Gonzalez Bizkaiko eta Arabako diputatu nagusiak, hurrenez hurren, eta Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea sari banaketan izan dira.

Mireia Zaratek Atutxa ordezkatuko du

Mireia Zarate EBBko idazkari eta Sabino Arana Fundazioko presidenteordeak Juan Mari Atutxa ordezkatuko du, Andoni Ortuzar EAJko presidenteak sari banaketa amaitu ostean jakitera eman duenez.

Ortuzar eta Iñigo Urkullu lehendakaria oholtzara igo dira, Fundazio jeltzalearen presidenteak hartutako erabakiaren berri emateko: "presidente izateari uztea".

"Lehenago egin nahi izan zuen, baina tiraka, tiraka eta tiraka ekarri ahal izan dugu. Fundazioaren buruan ibilbide ikaragarria egin du, eta bere lanari esker izan du bilakaera", goraipatu du Ortuzarrek.

"Juan Mari Atutxaren pareko ibilbidea pertsona gutxik izango dute", azpimarratu du Ortuzarrek. Lemoako zinegotzi gisa, Bizkaiko Foru Aldundian zein Eusko Jaurlaritzan (Barne sailburu izan zen) egindako lana goraipatu du buruzagi jeltzaleak.

Atutxak 14 urte eman ditu Fundazioa zuzentzen. Ortuzarren ahotan, bere ibilbideari "amaiera bikaina" eman dio Atutxak. Hala eta guztiz ere, "Juan Marik ez du alde egingo eta gure aldamenean izango dugu, behar dugun guztirako, baina merezita beste aro bati hasiera eman nahi dio".

Juan Mari Atutxa Sabino Arana Fundazioko presidentea. Argazkia: EFE

Juan Mari Atutxa Sabino Arana Fundazioko presidenteak oroigarria jaso du. Argazkia: EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Bilbo Gizartea Eguneko albisteak Albisteak