Politika -
Katalunia
Torra ordezkatzeko 48 orduko epea eman dio Hauteskunde Batzordeak Parlamentuari
Espainiako Hauteskunde Batzordeak Generalitateko presidenteari diputatu-agiria kentzeko agindua eman zuen, eta orain Auzitegi Gorenak erabaki hori berretsi du.
AGENCIAS | REDACCIÓN
Auzitegi Gorenak atzera bota du Quim Torrak bere gaitasun-gabetzearen aurka jarri zuen helegitea eta, ondorioz, babestu egin du Espainiako Hauteskunde Batzordeak Generalitateko presidenteari diputatu-agiria kentzeko hartu zuen erabakia.
Ebazpen horren ondotik, Bartzelonako Hauteskunde Batzordeak 48 orduko epea eman dio Xavier Muro Kataluniako Parlamentuko idazkari nagusiari, Torraren eserlekua aurrerantzean nork hartuko duen jakinarazi dezan. Halaber, Carles Puigdemonten diputatu-agiria Ferran Mascarelli ematea erabaki du.
Bi egunetan erantzunik ez badago, Hauteskunde Batzordeak berak erabakiko du nork ordezkatuko duen Torra, JxCat-ek hauteskundeetan aurkeztu zuen zerrenda oinarri hartuta.
Gorenaren ebazpenaren berri izan ostean, Espainiako Hauteskunde Batzordea Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteari zuzendu zaio, Torrari diputatu-akta "berehala" kentzeko eskatuz.
Halaber, agindua betetzen duenean ziurtagiri bat bidaltzeko eskatu dio, jada diputatu ez dela egiaztatu ahal izateko.
PSCk beste txosten bat eskatu diete Parlamentuko abokatuei
Kataluniako Parlamentuko Mahaiak astelehenera arte du Hauteskunde Batzordearen agindua bete eta Torrari diputatu-akta kentzen ote dion, ala kontrara, egun horretan dagoen osoko bilkuran bozkatzean uzten dion.
Parlamentuko Mahaia hilaren 14an bildu zen azkenekoz. Argazkia: EFE
Gorenaren erabakiaren ostetik, PSCk beste txosten bat eskatu die Parlamentuko abokatuei, Torrari bozkatzen utzita desobedientzia delitu bat egingo ote luketen zehazteko. Parlamentuko zerbitzu juridikoek aurreko txosten batean esan zutenez, Hauteskunde Batzordeak ez zuen eskumenik inor gaitasungabetzeko.
Presidentetzako iturriek azaldu dutenez, Mahaiak erabaki beharko du txosten hori eskatu ala ez, eta Parlamentuko beste iturri batzuen ustez, ez da txosten berririk behar, "funtsa aldatu ez" delako: duela 15 egun Hauteskunde Batzordeak eskumenik ez bazuen, orain ere ez du.
Iturrion arabera, Torrari bozkatzeko aukera ematea erabaki "politikoa da", eta Parlamentuko Mahaiarena, eta berezi Roger Torrent presidentearena da. Hori horrela hiru aukera daude: Batzordearen agindua bete eta Torrari diputatu-akta kentzea, baina presidente izaten jarraitzea; diputatu-agiriari eustea eta asteleheneko osoko bilkuran bozkatu ahal izatea; eta hirugarren bat, agindua beteta, Torrari diputatu-akta eta Presidentetza kentzea.
Parlamentari eta presidente izaten segitzen duela berretsi du Torrak
Bestalde, eguerdian, Quim Torrak agerraldia egin du eta parlamentari eta Kataluniako Gobernuko presidente izaten jarraitzen duela azpimarratu du berriz ere: "Ez dugu atzera egingo".
Ildo berean, urtarrilaren 3tik eta 4tik hona ezer aldatu ez dela erantsi du. Urtarrilaren 3an eman zuen diputatu-agiria kentzeko agindua Espainiako Hauteskunde Batzordeak eta biharamunean Kataluniako Parlamentuak osoko bilkura egin zuen Torra parlamentari eta Generalitateko presidente zela berretsiz.