Politika -

Hilketaren 25. urtemuga

Ordoñezen alarguna: "Zerbait txarto egin dugu haren diskurtsoa balekoa bada oraindik"

Ana Iribarrek 'Gregorio Ordoñez. Bizitza posiblea' erakusketa aurkeztu du, PPko buruzagi ugariren babesarekin. Besteak beste, Casado, Aznar eta San Gil izan dira Donostian.

Ana Iribar, Gregorio Ordoñezen alarguna, erakusketan. Argazkia: EFE
Ana Iribar, Gregorio Ordoñezen alarguna, erakusketan.
Ana Iribar, Gregorio Ordoñezen alarguna, erakusketan. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Gregorio Ordoñez. Bizitza posiblea' izenburupean, gaur inauguratu dute Donostiako Miramar Jauregian ETAk duela 25 urte hildako PPko buruzagiaren omenezko erakusketa. Ekitaldian, Ana Iribar alargun eta Gregorio Ordoñez Fundazioko presidenteak esan duenez, senarra zenaren diskurtsoak "balekoa eta eraginkorra" izaten jarraitzen du, 25 urte pasatu diren arren. Iribarren iritzian, "horrek esan nahi du zerbait txarto egin dugula edo ondo egiteari utzi diogula".

PPko buruzagi ugari hurbildu dira Donostiara erakusketa irekitzeko ekitaldira. Bertan izan dira, besteak beste, Pablo Casado PPren egungo presidentea, Jose Maria Aznar Espainiako gobernuburu izandakoa eta Maria San Gil Euskadiko PPren presidente ohia. Iñigo Urkullu lehendakaria ere izan da ekitaldian.

Ana Iribarrek nabarmendu duenez, "garrantzitsua" da senarra zena gogoan hartzea, eta erantsi du "harrigarria" dela "25 urte pasatu badira ere, haren diskurtsoak balekoa eta eraginkorra izaten jarraitzea. Horrek esan nahi du du zerbait txarto egin dugula edo ondo egiteari utzi diogula".

Txarto egin denaz galdetuta, Iribarrek esan du "terrorismoaren biktimekin lotutako egiteko asko" daudela oraindik, eta adibide gisa aipatu ditu "euren kasua argitu ez duten 300 familia horiek".

BIDEOA: Ordezkaritza gorena ekarri du PPk Gregorio Ordoñezen omenaldira

Ordezkaritza gorena ekarri du PPk Gregorio Ordoñezen omenaldira
Ordezkaritza gorena ekarri du PPk Gregorio Ordoñezen omenaldira
Ordezkaritza gorena ekarri du PPk Gregorio Ordoñezen omenaldira

1:39

"ETAren diskurtso politikoak ezin du lekurik izan gizartean"

Era berean, gogorarazi du Ordoñezek esan ohi zuela "HBk eta ETAk ez zutela lekurik Euskadin, gauza bera zirelako, eta baztertu egin behar genituela, politikoki zein sozialki. Aldatu beharreko gauzak aldatzeko denok ekin behar genuela esaten zuen".

Ingurumari horretan, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia kritikatu du "iragan terrorista" duelako. Iribarren ustez, "ez da onargarria atentatu terroristekin lotura duten pertsonak Legebiltzarrean, udaletan, Kongresuan jesartzea. Ez da duina demokraziarentzat. Gregorio Ordoñezek ausardia handiz egin zion aurre ETAren diskurtso politikoari, eta uste dut diskurtso horrek ez duela lekurik izan behar gure gizartean eta demokrazian". 

Adierazi duenez, Ordoñezen hilketak "hauteskunde kutsua izan zuen, horrela esan zuten hedabide guztiek". Izan ere, gogorarazi du Donostiako alkategai izango zela iragarri eta lau egunera hil zuela ETAk, eta 1995ean PP izan zela "indar bozkatuena" Gipuzkoako hiriburuan. "Argi dut alkate izango zela, hori zuen helburu", erantsi du.

Iribar, Ordoñezen erretratu bati begira

Iribar, Ordoñezen erretratu bati begira, gaur. Argazkia: EFE

Erakusketa ikusi ondoren, Alfonso Alonsok "lagun" eta "adibide erabakigarri" bezala nabarmendu du Ordoñez, gizartea "askatasunaren alde eta ETAren kontrako borrokan" bultzatu zuena.

Horrez gain, Jose Maria Aznar Gobernuko eta PPko presidente ohiak Ordonezek "ausardia" aldarrikatu du, "bizitzen ari gharen garai gogorrei" aurre egiteko eredutzat hartuz.

Gregorio Ordoñezen hilketa gaitzesten ez dutenak "ezin dira solaskide politikoak izan eta ezin dute gobernurik jarri, ezta Nafarroa bezalako erkidegoetako aurrekontuak egin ere", adierazi du Pablo Casado PPko presidenteak.

300 objektu

Gregorio Ordoñez nor izan zen eta "ETAk hil izan ez balu nor izatera irits zitekeen" azaldu nahi du erakusketak. Ordoñezen beraren 300 bat objektu, argazki eta hauteskunde kanpainetako material jaso dituzte. Hiru aretotan dago banatuta: aurrenekoa atentatuaren ingurukoa da, bigarren batek Ordoñezen biografia politikoa errepasatzen du ("Donostiako Udalean eta Legebiltzarrean"), eta hirugarren batek, pertsonalenak, familia giroko argazki eta oroitzapenak jasotzen ditu.

Erakusketa Bruselara, Madrilera eta beste leku batzuetara eramango dute, Iribarrek iragarri duenez.

Ordoñezen hilketa mugarria izan zen ETAren aurkako borrokan
Ordoñezen hilketa mugarria izan zen ETAren aurkako borrokan
Ordoñezen hilketa mugarria izan zen ETAren aurkako borrokan

0:48
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PP Donostia Gipuzkoa ETA Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Bakea Euskadin Terrorismoaren Biktimak Argazki albisteak gaur