Politika -
Guardia Zibilaren operazioa
Aske utzi dituzte presoen harreren harira atxilotutako Sortuko lau kideak
Oihana San Vicente, Antton Lopez, Oihana Garmendia eta Haimar Altuna aske geratu dira Guardia Zibilaren aurrean deklaratu eta gero.
EITB.EUS
ETAko hainbat presori harrera ekitaldiak egin izana egotzita gaur goizean atxilotutako Sortuko lau kideak aske utzi dituzte arratsaldean, Guardia Zibilaren aurrean deklaratu eta gero. Hain zuzen ere, atxilotutakoak hauek dira: Oihana San Vicente, Haimar Altuna, Antton Lopez 'Kubati' eta Oihana Garmendia.
Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak ohar batean jakinarazi duenez, Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzio Epaitegiak zuzendutako ikerketa baten harira egin dute operazioa. Lau atxilotutakoei terrorismoa goratzea eta biktimak umiliatzea egotzi diete ia hiru urtez presoei harrera ekitaldiak antolatzeagatik.
EAEko hainbat lekutan egin dute operazioa. Antton Lopez eta Haimar Altuna Zarautzen eta Lizartzan (Gipuzkoa) atxiki dituzte, hurrenez hurren; San Vicente, Agurainen (Araba) eta Garmendia, Gernikan (Bizkaia).
Oihana San Vicente Sortuko Arabako koordinatzaile politikoa da, eta Haimar Altuna, Gipuzkoakoa. Lopez eta Garmendia, berriz, Kalera Kalera presoen aldeko dinamikako kideak dira.
Barne Ministerioaren esanetan, ikerketa duela urte eta erdi abiatu zuen Guardia Zibilak. Agenteek egiaztatu ahal izan dutenez, lau atxilotutakoek "omenaldi ekitaldiak zuzendu eta koordinatu dituzte, baina euren jarduna ezkutatzeko hainbat elkarte erabili dituzte tresna gisa. Behin antolatuta, beste pertsona batzuek gauzatzen zituzten ekitaldiak, betiere antolatzaileen irizpideak jarraituta".
Guardia Zibilak EAEn eta Nafarroan egindako 95 ekitaldi zenbatu ditu, 2016ko abendutik 2019ko urrira. Horiek denek "antolaketa egitura bat" zuten atzean, eta "kasu gehienetan 'Kalera kalera' ezker abertzalearen dinamikak gauzatzen zituen".
Ezker abertzaleak "Estatu sakona"ri egotzi dizkio atxiloketak
Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak adierazi du atxiloketak “Estatu sakonaren” saiakera bat dela “oztopoak” jartzeko “Euskal Herriko eta Kataluniako gatazkei konponbide politikoa emateko” Espainiako Gobernu berriari ireki zaion aukerari.
Hain zuzen ere, buruzagi abertzaleak “Estatu sakonari eta Justiziako, Poliziako eta hedabideetako ultraeskuindarrei” egotzi dizkie atxiloketak.
Horren esanetan, ETAko preso ohiei egindako harrerak “aitzakia” baino ez dira, Quim Torra Generalitateko presidentea “gaitasungabetzeko edo modu ez zilegian erorarazteko” erabilitakoen gisakoak.
Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak ere egin du agerraldia, eta esan du atxiloketak “oso larriak” direla, eta “Estatuaren erantzuna” direla koalizio abertzalearen “agenda demokratizatzailearen aurrean”.
Bestalde, Sare plataformak defendatu egin du ETAko presoen senideen eta lagunen “eskubidea” haien askatasunaren aurrean “pozik” egoteko, “kondena luzeak bete” eta gero.
Sareren esanetan, Botere Judiziala “oposizio politikoa” egiteko “prest” dago, eta adierazpen eta manifestazio eskubideak “urratu” ditu.
BIDEOA | Arkaitz Rodriguez (Sortu)
BIDEOA | Bel Pozueta (EH Bildu)