Politika -
Larrialdi klimatikoa
Hauek dira erdigunean trafikoa murriztu behar duten Hegoaldeko zazpi udalerriak
Zehazki, 50.000 biztanletik gorako 148 hirik erdigunera sartzeko zirkulazio murrizketak diseinatu beharko dituzte, Madrilen edo Bartzelonan hartu dituzten bezalako neurriak onartuz.
Euskadi Irratia | Erredakzioa
Ministro Kontseiluak larrialdi klimatikoa deklaratu du, eta epe laburrean martxan jarriko dituen neurrien berri eman du, klima aldaketari aurre egiteko asmoz. Hala, Espainiako Gobernuak, lehentasunezko 30 neurri hartzeko konpromisoa hartu du, horietako bost legealdiko lehen 100 egunetan.
Neurri horietako bat mugikortasun iraunkorreko lege bat izango da, eta 50.000 biztanletik gorako udalerrietan gas isuri txikiko eremuak ezartzeko premia.
Ildo horretatik, neurriak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta Nafarroako zazpi hiriri eragingo die zuzenean, eta, beraz, premiazko neurriak hartu beharko dituzte erdigunean trafikoa murrizteko, Madrilen edo Bartzelonan bezala.
Bilbon, Gasteizen, Donostian, Iruñean, Irunen, Barakaldon eta Getxon aplikatu beharko dituzte Pedro Sanchezen gobernuak deituriko larrialdi klimatikoari aurre egiteko hartutako neurriek, eta, beraz, hiri horien erdigunera sartzeko zirkulazio murrizketak diseinatu beharko dituzte.
Neurri horrek 50.000 biztanletik gorako 148 hiriri eragingo die, eta, neurriak 100 eguneko epean gauzatu nahi dituzten arren, Teresa Ribera presidenteordeak ez du zehaztu gas isuri txikiko guneak noiz ezarriko dituzten.
Ministroen Kontseiluaren ostean Riberak nabarmendu duenez, helburua da hirietako aire kalitatea hobetzea eta herritarren osasuna zaintzea. Gainera, Larrialdi Klimatikorako eta Trantsizio Energetikorako Legeak mugikortasun jasangarria bultzatu eta garraio publikoa finantzatzeko neurriak ere jasoko ditu.