Politika -
Europako Parlamentua
Europako Ganberak ordezkaritza bidaliko du, argitu gabe dauden ETAren hilketen harira
ETAk nahiz GALek egin eta oraindik argitu gabe dauden atentatuen inguruko informazioa biltzen duen dokumentazioa europarlamentari horien esku utziko du Eusko Jaurlaritzak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Europako Parlamentuak ordezkaritza bat bidaliko du Euskal Herrira ETAri egozten zaizkion eta oraindik argitu gabe dauden 379 hilketei buruzko informazioa biltzeko asmoz.
Ordezkaritza hori nortzuek osatuko duten eta Euskal Herrira noiz etorriko diren zehaztuta ez badago ere, 2020ko bigarren seihilekoan izatea eta eurodiputatuak biktimekin eta agintari polizial eta judizialekin biltzea espero da.
Ekimena Ciudadanosek bultzatu du, eta Europako Alderdi Popularraren eta Europako Kontserbadoreen (talde horretan dago Vox) babesarekin onartu dute Eskaeren Batzordean.
Gai hori Dignidad y Justicia biktimen elkarteak egindako salaketa baten ondorioz iritsi zen Europako Parlamentuko Eskaeren Batzordera.
Bestalde, Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak esan du Eusko Jaurlaritzak errespetuz hartu duela Europako Ganberako batzorde horrek hartu duen erabakia.
Ildo horretan, Fernandezek elkarlanerako borondatea erakutsi du, eta iragarri du Eusko Jaurlaritzak ETAk nahiz GALek egin eta oraindik argitu gabe dauden atentatuei buruzko txostena utziko duela Euskal Herrira etorriko diren europarlamentarien esku.