Politika -

Auzitegi Nazionala

Kataluniako Gobernuarengandik aldenduta, Mossoen jarrera babestu du Traperok

Josep Lluis Traperok azpimarratu du Esquadra Mossoek epaileek agindutakoa bete zutela 2017ko urriaren 1eko erreferendumean. Fiskaltzak 11 urteko espetxealdia eskatu du harentzat, matxinada egotzita.

Trapero, Soler, Puig eta Laplana, epaiketaren lehen saioan. Argazkia: EFE
Trapero, Soler, Puig eta Laplana, epaiketaren lehen saioan. Argazkia: EFE
Traperoren aurkako epaiketa hasi da, Mossoek urriaren 1ean jokatu zuten paperagatik

0:21

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josep Lluis Trapero maiorrak babestu egin du Esquadra Mossoek 2017ko urriaren 1eko erreferendumean izan zuten jokabidea eta Carles Puigdemontek zuzentzen zuen Generalitatarengandik aldetzen saiatu da, prozesu independentistarekin inolako zerikusirik ez zuela nabarmenduta.  

Traperoren aurkako epaiketa gaur hasi da Espainiako Auzitegi Nazionalean. Pere Soler Esquadra Mossoen zuzendari ohia, Cesar Puig Barne kontseilari ohia eta Teresa Laplana intendentea ere eseri dira akusatuen aulkian.  Lehendabiziko hirurentzat 11 urteko kartzela-zigorra eskatu du Fiskaltzak, matxinada delitua egotzita. Laplanarentzat, berriz, lau urteko espetxealdia galdegin du, sedizioa leporatuta.

Epaiketa hasi eta berehala, Miguel Angel Carballo fiskalak esan du ez dutela baztertzen ondorioetan aldaketak egitea eta matxinada delituaren ordez sedizioa leporatzea Mossoen buruzagiei, Kataluniako prozesu independentistaren aurkako epaiketan Auzitegi Gorenak hala ebatzi zuela ikusita.    

Epaiketaren lehen saioan, Traperok ia sei orduz deklaratu du. Fiskalaren galderei erantzunez, Puigdemontekin harremanik ez zuela esan du: "Ez nuen harreman onik, ezta txarrik ere. Ez nuen harreman esturik presidentearekin”.

Halaber, Kataluniako Gobernuak aldebakarrez antolatutako erreferendumarekin "deseroso" zegoela adierazi du, baina ziurtatu du beti utzi zuela argi Mossoek ebazpen judizialak beteko zituztela eta hala egin zutela erantsi du.  

Areago, aldebakarreko prozesu independentistaren baitan Kataluniako Parlamentuak onartutako ebazpenak "astakeriatzat" jo ditu.

Puigdemontekin eta Generalitateko hainbat kontseilarirekin irailaren 28an izan zuen bileraren harira, Traperok esan du berak argi eta garbi esan ziela Mossoek ez zutela Konstituzioa eta legedia urratuko. Ildo berean, polizia katalanaren irudiagatik kezkatuta zegoela jakinarazi zien.

"Orduan, Puigdemontek esan zigun Mossoen irudia baino garrantzitsuagoa zela Gobernuaren irudia", erantsi du.

Horrez gain, Traperok ukatu egin du Puigdemontek bera mailaz igotzea erabaki izana prozesu independentistarekin lotuta zegoenik. "Nire igoerak ez zuen inolako zerikusirik izan prozesuarekin", azpimarratu du.

Bere hitzetan, behin bakarrik galdetu zioten Gobernutik balizko erreferendum bat antolatuz gero, Esquadra Mossoen jarrera zein izango zen. 2016ko irailean, Generalitateko Jauregian egindako bilera batean izan zen eta Joan Vidal de Ciurana Puigdemonten Gobernuko idazkariak egin zion galdera. "Araudi bikoitzik ez dagoela eta Mossoek epaileek esandakoa beteko zutela argi utzi nion, eta hala egin genuen", esan du.

Desadostasunak Guardia Zibilarekin

Guardia Zibilaren eta Esquadra Mossoen arteko koordinazioari dagokionez, Traperok kritikatu egin du Diego Perez de los Cobos koronelak izandako jarrera. Erreferenduma indarrez galaraztearen arriskuaz ohartarazi zuen Traperok eta De los Cobosek erreferenduma ahalbidetzeko aitzakia zela esan zuen.  "Nik akatsak izan ditzaket, baina ez du aitzakiarik behar", adierazi du.

Bi polizia-buruen arteko harremana txarra zenez, koordinazio bileretara bere ondokoa, Ferran Lopez, joaten zen.   

Erreferendumaren bezperatan herritarrek okupatutako ikastetxeen inguruan ere galdetu dio fiskalak. Zentro horiek hautesleku gisa erabili ziren urriaren 1ean, eta Mossoek jendea bertan sartzea zergatik galarazi ez zuten jakin nahi izan du.

Ikastetxeetan egindako jarduera haiek erreferenduma antolatzeko ekintza ez zirelako ez zutela neurririk hartu adierazi du. Traperok zehaztu du ebazpen judizialak urriaren 1ri egiten ziola aipu eta, ondorioz, egun horretan soilik zutela eskumena zentroak jendez husteko.  

Herritarren jarrerari dagokionez, Traperok onartu du ez zutela espero boto-kutxak horrela defendatuko zituztenik. "Bizitza emateko prest zeudela ematen zuen, halako jarrera erakutsiko zutela aurreikustea zaila zen", esan du.

Irailaren 20ko protestak

Bestalde, Traperok Esquadra Mossoen lana defendatu du irailaren 20ko "aparteko" protestetan. Ekonomia kontseilaritzaren miaketen aurkako protesta "eskuetatik ez joateko" esfortzua egin omen zuten "uneoro".

Traperok ukatu egin du Mossoek jarrera "pasiboa" izan zutenik, eta azpimarratu du kaltea handiagoa izatea galarazi nahi izan zutela. Gainera, erabat errefusatu du Jordi Sanchez ANCren buru ohiak dispositibo polizialari baldintzak jarri izana.

Era berean, kritikatu du Guardia Zibilak ez ziola abisatu egun horretan 40 ekintza egin behar zituztela, horrek ordena publikoa zaintzeko agenteen mobilizazioa eskatzen duelako.

Fiskalak Jordi Sanchezen paperaz galdetu dio, eta aitortu du protestarien bitartekari modukoa izan zela, baina ukatu egin du harreman pertsonalik zutenik.

Lehen saioa

Epaiketaren lehen saioa 10:27an abiatu da, Fiskaltzaren akusazio-idazkia irakurrita. Miguel Angel Carballo Auzitegi Nazionaleko fiskalburuak iragarri duenez, matxinada delituari eutsi diote, baina kalifikazioa "egokia den unean" moldatuko dute Auzitegi Gorenak emandako epaira egokitzeko (sedizioagatik zigortu zituzten 'proces' auzikoak. 

"Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak badu Auzitegi Gorenaren epaiaren berri, eta egokia den unean moldatuko du akusazioa, baina oraingoz ez dugu horrelakorik egingo", azaldu du Carballok.

Hala, badirudi aldaketa epaiketaren amaieran egingo duela Fiskaltzak, behin betiko ondorioak plazaratzean.

Esquadra Mossoen burua 08:30 aldera iritsi da Espainiako Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henaresen (Madril) duen egoitzara, 2017ko udazkenean Kataluniako prozesu independentistan parte hartzeagatik epaitua izateko. Trapero Olga Tubau abokatuarekin batera bertaratu da, eta ez diete adierazpenik egin sarreran zeuden komunikabideei.

Beste hiru akusatuak, Cesar Puig Generalitateko barne idazkari nagusi ohia, Pere Soler Mossoen zuzendari ohia eta Teresa Laplana intendentea, ere goiz heldu dira.

Ordu berean ailegatu da Eduard Sallent, Esquadra Mossoen egungo burua, bere aurrekoa izan zenaren kontrako epaiketaren lehen saioa ikustera.

101 lekuko

Concepcion Espejel magistratua buru duen Zigor Arloko Lehen Sekzioko Auzitegiak egunero egingo ditu saioak, ostiraletan izan ezik. Martxoaren amaierara arte iraungo omen du epaiketak, lau akusatuez gain 100 bat lekuko deituko dituztelako adierazpenak egitera.

Kataluniako proces auzia Auzitegi Gorenak Madrilgo erdigunean epaitzea erabaki zuen arren, Auzitegi Nazionalak nahiago izan du epaiketa hau San Fernando de Henaresen egitea, hiriburutik 20 kilometrora, Genova kaleko egoitza nagusia erabili beharrean.

Ministerio Publikoak buruzagi independentisten aurkako akusazio idatziak Auzitegi Gorenean eta Auzitegi Nazionalean aurkeztu zituenean, irizpide bera erabili zuen bietan: "2017ko udazkenean gertatutakoa matxinada izan zen".

Auzitegi Nazionaleko lan-karga dela eta, Goreneko epaiketa urtebete lehenago egin zen, eta ondorioak duela hiru hilabete eman zituzten jakitera.

Manuel Marchena buru zuen epaimahaiak aho batez hartu zuen erabakia, eta gertatutakoa sedizioa izan zela ebatzi zuen, Fiskaltzaren tesia baztertuz eta Estatuko Abokatutzarena onartuz.

Epaiaren berri eman zutenean, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzan jarri zuten arreta, baina arduradunek eta Maria Jose Segarra Estatuko fiskalburuak ez zuten aurreratu epaiketan zer delitu egotziko dieten.

Traperok, Puigek, Solerrek eta Laplanak 2017ko irailaren 20an eta 21ean Ekonomia Kontseilaritzaren egoitzan zein urriaren 1eko erreferendumean "modu erabakigarrian, kontzientean eta nahita lagundu zuten", Ministerio Publikoaren iritzian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako prozesua zuzenean