Politika -
OMENALDIA
Saldiseren hiltzaileen 'inpunitatea' salatu du Egiari Zor Fundazioak
1980ko urtarrilaren 16an hil zuten tiroz Amnistiaren Aldeko Batzordeetako kidea. Ondoren, Espainiako Talde Armatuak (GEA) hartu zuen bere gain hilketa.
AGENZIAK | ERREDAKZIOA
Karlos Saldise Amnistiaren Aldeko Batzordeetako kide izandakoa gogoratu dute gaur eguerdian Lezon, Espainiako Talde Armatuak hura hil zuela 40 urte bete direnean. Hiltzaileen "inpunitatea" eta "zigorgabetasuna" salatu dituzte bertan bildutakoek.
Ehun bat pertsona elkartu dira lezoarra gogoratzeko ekitaldian, Karlos Saldise plazan. 1980ko urtarrilaren 16an hil zuten tiroz, bere etxera joateko igogailura sartzera zihoala. Hiltzaileak ihes egin zuen, eta Espainiako Talde Armatuak hartu zuen bere gain hilketa.
Polizia indarkeriaren biktimak batzen dituen Egiari Zor Fundazioak salatu duenez, Saldiseren hilketa ez zen modu ofizialean ikertu eta hiltzaileak ez zituzten zigortu. "79 pertsona hil ditu gerra zikinak Euskal Herrian", gaineratu dute.
Ainhoa Intxaurrandieta EH Bilduko Lezoko zinegotziak eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako kideak ere hartu du parte ekitaldian. Horrek ere, Saldisaren hiltzaileen "inpunitatea" salatu du, eta "justizia eta erreparazioa" eskatu ditu.