Politika -

telefonoz hitz egin dute

Erkorekak eta Dariasek Estatutua betetzeari ekiteko beharra azpimarratu dute

Biek laster zehaztuko dute bilera egiteko data, egutegiaren datak eta egiteke dauden transferentzien kronograma eguneratzeko.

Josu Erkoreka aurreko agerraldi batean. Argazkia: EFE
Josu Erkoreka aurreko agerraldi batean
Josu Erkoreka aurreko agerraldi batean. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Carolina Darias Lurralde Politikako ministroak telefonoz hitz egin dute ostiral goizean, eta "Gernikako Estatutua osorik betetzeko beharra" azpimarratu dute, Eusko Jaurlaritzako iturriek Europa Press albiste-agentziari jakinarazi diotenez.

Erkorekak eta Dariasek, gainera, laster zehaztuko dute bilera egiteko data, egutegiaren datak eta egiteke dauden transferentzien kronograma eguneratzeko asmoz. Gobernu zentralak 2019ko urtarrilaren 22an onartu eta igorri zuen egutegia. Alde biko lan talde juridiko-teknikoak sortzea ere lortu nahi da, transferentzia pakete bakoitzari heltzeko.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Carolina Dariasi esan dio Eusko Jaurlaritzari "premiazkoa eta lehentasunezkoa" iruditzen zaiola negoziazio hori, eta "gehiago luzatu gabe" jorratu nahi duela.

Inbestidura-akordioa

Bi administrazioetako ordezkariek harreman arina eta etengabea izatea adostu dute, EAJren eta PSOEren arteko inbestidura-akordioan jasotako eskumenen auziarekin eta euskal autogobernuarekin zerikusia duten gai guztiak jorratzeko.

Dei horren aurretik, Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministroak telefonoz hitz egin zuen Iñigo Urkullu lehendakariarekin, eta, bertan, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazi zion bere helburu nagusia dela bi gobernuek aurreko legealdian adostutako "transferentzien egutegia betetzea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak EAEko Autonomia Estatutua