Politika -
Kartzela politika
Sarek 'interesarekin' hartu du Jaurlaritzak presoak hurbiltzeko egindako proposamena
Herritar sareak esan du ez zuela ekimenaren berri, eta, hori dela eta, Jonan Fernandezekin biltzea eskatu duela.
agentziak | erredakzioa
Sare euskal presoen eskubideen aldeko herritar sareak "interesarekin" jaso du Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak presoak gerturatzeko egin duen proposamena, eta berarekin biltzeko eskaera egin du.
Sarek ohar batean azaldu duenez, Jaurlaritzak presoak gerturatzeko proposamena Bilboko eta Baionako manifestazioen ia biharamunean egiteak "berretsi" egiten du kartzela politika aldatzeko "mobilizazio sozialak duen garrantzia".
Kolektibo horren arabera, Jaurlaritzak proposatua zuen presoak hurbiltzea, etxetik gehienez ere 250 kilometrora izateko, baina oraingo honetan Hego Euskal Herriko edo Logroñoko, Burgosko eta Santoñako presondegietara hurbiltzea galdegin du.
Sarek aitortu du ez zuela Jaurlaritzaren ekimenaren berri, eta, hori dela eta, Jonan Fernandezekin biltzeko hitzordua eskatu du, gaia jorratzeko eta plataformak berak kartzela politika aldatzeko egin dituen urratsak azaltzeko.