Politika -
EAEko Auzitegi Nagusia
Donostiako etxebizitza turistikoen ordenantza bertan behera utzi dute
Udalak plan orokorra defendatzeko helegitea prestatuko du, epaiak plana bera zalantzan jartzen baitu. Hala ere, epaia irmoa ez den bitartean, ordenantzak indarrean jarraituko du.
EITB.eus
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak (EAEAN) Donostiako Udaleko erabilera turistikoko etxebizitzak arautzen dituen ordenantza bertan behera utzi du.
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzietarako aretoko bigarren atalak aintzat hartu du Basque Country Hosts elkartearen helegitea. Haren bidez, Donostiako Udalak 2018ko martxoaren 1ean onartutako erabilera turistikoko etxebizitzak arautzen dituen ordenantza bertan behera uztea bilatzen dute.
Epaitegiak emandako sententzian, baliogabeturik geratzen da Donostiako 2010eko hiri-antolaketarako plan orokorraren 8.4 artikuluaren azkeneko paragrafoa. Bertan honakoa adierazten da: “Aurreko 5. artikuluan aipatutako udal-ordenantzek sistematizazio eta arautze hori berregokitu eta osatu ahal izango dute, betiere horrek hirigintza-erabilerak arautzeko erregimena argiago eta zehatzago azaltzen laguntzen badu”.
Ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin du 2018ko martxoaren 1ko erabilera turistikoko etxebizitzak arautzen dituen ordenantzaren behin betiko onarpena.
Eneko Goia Donostiako alkateak adierazi du epaia ez dela irmoa, eta, beraz, Auzitegi Gorenaren aurrean helegite bat aurkeztu daitekeela. Horren harian, Goiak esan du Udalaren zerbitzu juridikoek helegitea prestatuko dutela, eta helburua plan orokorrak ordezkatzen duen Udalaren oinarrizko plangintza defendatzea dela. Izan ere, hori da, hain justu ere, epaiak zalantzan jartzen duena.
Beraz, epaia irmoa ez den bitartean, erabilera turistikoko etxebizitzen ordenantzak indarrean jarraituko du. Gainera, epaiak ez du behartzen Udaletxea egun dauden etxebizitza turistikoen inguruan inongo erabaki administratiborik hartzera.
Era berean, Goiak azpimarratu du epaiak urte luzez indarrean egondako araudia bertan behera uzten duela, eta araudi hori ez dela inoiz judizialki zalantzan jarri, izan ere, maila txikiagoko araudiak garatzeko balio izan du.
Alkateak, halaber, honakoa adierazi du: “Udalak denbora nahikoa darama lanean plan orokorraren arau urbanistikoa aldatzeko tramitazioan, hainbat epaitegik esandakoa gehitzen, betiere plangintza berria juridikoki sendoagoa izateko”. Eta honakoa gaineratu du: “Udal gobernuak hurrengo hilabeteetan onartu nahi du hiri antolaketarako plan orokorraren arauen aldaketa, behin betiko onarpena lehenbailehen gauzatu ahal izateko”.