Politika -
Sanchezi eskaera
Otegik Jaurlaritza kritikatu du presoekin eta familiekin ez hitz egiteagatik
EH Bilduko koordinatzaile nagusiak "gehiago egitea eta gutxiago hitz egitea" eskatu dio Jonan Fernandezi, presoen auzian "zorroztasuna, seriotasuna eta diskrezioa" behar direlako.
Agentziak
ETAko 210 presoak hurbiltzea eskatuko dio Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari, atzo Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak iragarri zuenez. Iragarpen hori egin zen egunaren biharamunean, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia kritiko azaldu da, proposamena egin aurretik Eusko Jaurlaritzak ez duelako ETAko presoekin, senitartekoekin eta ezker abertzalearekin hitz egin.
Herri Irratian eskainitako elkarrizketa batean, Fernandezen "moduak" salatu ditu Otegik. "Edukiei dagokienez, EH Bildu proposamen horretatik gertu egon liteke hein batean, urruntze politika amaitu behar delako", erantsi du.
"Duela sei hilabete proposamen bat zegoen, orain beste bat dugu; gauzak aldatu egin dira eta ez dakigu zergatik. Ez dakigu norekin hitz egiten duten. Badakigu presoen senitartekoekin ez dutela hitz egin, presoekin ere ez, ezta ezker independentistarekin ere. Beraz, norekin hitz egiten dute halako proiektuak egiten dituztenean?", galdetu du. Horrela, Fernandezek berak ezker abertzaleari duela sei hilabete egindako eskari bera egin dio: "Gehiago egin behar da eta gutxiago hitz egin".
Presoek ETA eta indarkeria gaitzetsi behar izatea baldintza gisa jarri izanaz galdetuta, Otegik erantzun du erakunde armatua gaur egun ez dagoela. "Ez dakit batzuek ez ote duten albistea entzun, baina badira urte batzuk ETA ez dela existitzen", adierazi du.
Presoen auzia "delikatua" dela nabarmendu du EH Bilduren koordinatzailea nagusiak. Horren hitzetan, "honek zorroztasuna eta seriotasuna eskatzen du, ez propaganda politikoa. Arazo bat dugu konpontzeko, eta, gure ustez, diskrezioz, seriotasunez eta inor sumindu barik konpondu behar dugu".