Politika -
Espainiako Gobernua
Dolores Delgado Estatuko fiskal nagusi izateko hautagaitza aztertuko du gaur BJKNk
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren (BJKN) txostena ez da loteslea, eta hautagaitzak legezko baldintzak betetzen dituela berrikustera mugatzen da.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Gobernuak Dolores Delgado Justizia ministro ohia Estatuko fiskal nagusi izendatzeko egin duen proposamena aztertuko du gaur, osteguna, arratsaldean, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (BJKN), osoko bilkuran.
Horrek hautagaiaren egokitasunari buruz egin beharreko txostena nahitaezkoa da, baina ez loteslea, eta hautagaitzak legezko baldintzak betetzen dituela berrikusi besterik ez du egiten (izen handiko legelaria den eta lanean gutxienez 15 urte daramatzan baieztatzen du). Dena dela, osoko bilkuran izango diren legelarien artean eztabaida bizia izango dela aurreikusten da.
BJKNk Pedro Sanchez buru duen koalizio-gobernuarekin egindako lehen txostena izango da, baina epaileen gobernu-organoaren batzorde iraunkorrak adierazpen bat kaleratu zuen atzo, Pablo Iglesias presidenteordeak elkarrizketa batean egindako adierazpen batzuen kontra.
Unidas Podemoseko buruaren hitzetan, Europako epaileek espainiarrak "umiliatu" dituzte "proces" auzian ezarritako zigorrengatik. Hitz horien aurrean, BJKNk "neurritasuna eta ardura instituzionala" eskatu zituen, justiziaren erabilera politikoa saihesteko eta epaileen independentzia, inpartzialtasuna eta profesionaltasuna zalantzan ez jartzeko.
Handik denbora gutxira, Moncloak agiri bat zabaldu zuen, eta, bertan, "adierazpen askatasuna" eta "kritikatzeko eskubidea" errespetatzeko eskatu zuen. Idatzi horretan, "elkarrizketarako" eta erakundeak indartzeko akordioak egiteko unea dela gaineratu zuen. Ildo horretatik, Espainiako Gobernuko presidentea BJKN berritzeko prest dagoela esan zuen.
Testuingurua horretan, Delgadoren hautagaitzari buruzko eztabaida egingo dute arratsaldean. Espainiako Justizia ministro ohiak 25 urte eman ditu Auzitegi Nazionaleko fiskal gisa, eta legeak eskatzen dituen baldintzak betetzen ditu, baina ezingo du alde batera utzi bere izendapenaren proposamenak sortu duen polemika.
Aurreko legealdietan, gehiengo kontserbadorea duen BJKNren osoko bilkurak ia desadostasunik izan gabe eman die oniritzia fiskal nagusia izendatzeko lau proposameni.
Maria Jose Segarra 2018tik da Estatuko fiskal nagusia, Sanchezen gobernuak proposatuta. Aurretik, Consuelo Madrigal izan zen karguan, Mariano Rajoyren gobernuak 2012an izendatutakoa.
Haren ondorengoak, Jose Manuel Maza (2016-2017) eta Julian Sanchez Melgar (2017-2018), BJKNko ia kide guztien babesa jasota iritsi ziren kargura, Concepcion Saez bokala (IUk proposatu zuen legelaria) bakarrik agertu baitzen kontra.