Politika -
Ustelkeria
Koldo Ochandiano Miñaoko Teknologia Parkeko diruzain kargutik kentzea eskatu dute
Arabako EAJren buruzagi ohiari zazpi urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri diote De Miguel auzian. Gorka Urtaran Gasteizko alkateak esan du ezin dela inor kaleratu epaia irmoa izan arte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk Koldo Ochandiano Miñaoko Teknologia Parkeko diruzain kargutik kentzeko eskatu dute Gasteizko udaletxean, De Miguel auzian ustelkeriagatik zigortu dutela argudiatuta.
Arabako EAJren zuzendaritzako kide ohiari zazpi urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri diote hainbat delitu egotzita: eroskeria, diru publikoa bidegabe erabiltzea, dirua zuritzea eta influentzia-trafikoa. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan inoiz epaitu den ustelkeria kasurik larriena izan da De Miguel auzia.
Felix Gonzalez EH Bilduko zinegotziak esan du Ochandianoren lan-kontratua eteteko eskaera egin behar diola Udalak parke teknologikoko administrazio kontseiluari. "Nola da posible azeria oilategian mantentzea?", galdetu du.
Oskar Fernandez Elkarrekin Podemosek hautetsiak ere lotsagarritzat jo du Ochandianok Miñaon lanean jarraitzea.
Zigortuek Auzitegi Gorenean epaiaren kontrako helegitea aurkezteko aukera dutela kontuan hartuta, Gorka Urtaran alkateak esan du ezin dutela inor kaleratu ebazpena irmoa izan arte. Aitzitik, Gorenak epaia berresten duenean, Ochandiano desgaitzea eskatuko duela agindu du.
Horrez gain, Miñaoko Teknologia Parkea handitzeko proiektua aurrera eramango ez dutela ziurtatu du, horretarako babes nahikorik ez dutela onartuta.
EAJ alde dago, baina EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP kontra agertu dira, horren esleipena ustelkeriagatik zikinduta dagoelako eta egungo parkean badagoelako enpresa gehiago eraikitzeko aukera.